Juan Cifuentes (Ambulantes Teatro y Danza): "Umeentzako flamenkoa da, baina nagusiei asko gustatzen zaie"

Juan Cifuentes (Ambulantes Teatro y Danza): "Umeentzako flamenkoa da, baina nagusiei asko gustatzen zaie"
2015/10/02 00:00
eta kitto!

- Nolakoa da ikuskizuna?
Umeendako flamenko moduan aurkezten dugun hau berez Jérôme Ruillier-en ipuin batean, "Por cuatro esquinitas de nada" izenburukoan oinarritutako dantza ikuskizuna da. Dantza eta antzerkia tartekatuta, hiru pertsonaiak forma geometrikoak dira, hau da, biribil bi eta karratu bat. Denak elkarrekin dantzan daude eta, halako batean, oso erakargarria egiten zaien etxe bat agertuko da. Baina etxeko atea biribila da eta, beraz, karratu itxurako pertsonaia ez da sartzen. Hortik aurrera beste bi lagunak, biribilek, karratuari nola sartu pentsatzen ibiliko dira, bera be barrura joan ahal izateko laguntzen ahaleginduko dira eta konponbide posibleak dantzaren, antzerkiaren eta umorearen bitartez irudikatuko dituzte.

- Umeentzat pentsatuta sortu duzue, baina familia osoarentzat egokia da, ezta?
Bai, berez umeentzat sortu arren, umeei laguntzen edo bestela joandako helduei ere asko gustatzen zaie. Dantzari begiratuz gero, maila ona erakusten dute. Eta kontatzen duen istorioaren mezua, ezberdina dena errespetatu behar dela dioena ere unibertsala da. Ikuskizun originala da, publiko zabalarentzat egokia eta erakargarria.

- Saritutako ikuskizuna ere bada…
Bai, 2012an Max sarietarako izendapena jaso zuen, ezusteko ikuskizunen atalean, azkenean sari barik geratu bazen ere. Baina Gaztela Mantxako publikoak emandako botuei esker, lanak dantza ikuskizun onenari saria jaso zuen.

- Eibarren aurkeztu eta gero, datozen asteotan batetik bestera ibiliko zarete, ezta?
Bai, udazkena zuekin, Eibarren hasiko dugu eta domekan Alcobendasera joango gara, han ikasleentzat eskaintzeko. Hortik aurrera eta Platea programari esker batean eta bestean ibiliko gara lanean. Espainian, eta batez ere hegoaldean, kulturarekin lotutako guztia nahiko txarto dabil eta Platea modukoek bizia ematen digute. Hala ere, agintariek kultura biziberritzeko bitarteko egokiak ipiniz gero, ez litzateke horrelako programen premiarik izango.