Juan Sanchez Vallejo, psikiatra: “Minbizia gainditzen dutenek enpatikoago eta baikorrago heltzen diote bizitzari”

Juan Sanchez Vallejo, psikiatra: “Minbizia gainditzen dutenek enpatikoago eta baikorrago heltzen diote bizitzari”
2018/03/14 eta kitto!
Juan Sanchez Vallejo sendagile psikiatra jubilatuak “Vivir” liburu berria aurkeztu zuen aurreko astean. Publikazio horretan minbiziaren inguruan jarduten du egileak eta gaixotasun “berezi” horrek gaixoengan sortutako emozio eta existentzial edukiak aztertzen ditu, beti ere ikuspuntu baikor eta itxaropentsuari eutsiz. Minbiziari irabazi dioten testigantzak jasotzen ditu.

 

- Minbizia izenak berak duen esanahia alde batera lagata, zertan da desberdina gaixotasun hori?

Zure bizitza arriskuan jartzen duenetik berezia da. Hitzari erakusten diogun beldurra, baina, gaur egun ez litzateke izan behar hainbesterako, askoren kasuan hitz hori estigmatizatuta dagoelako. Gizarteak jakin behar luke minbizien %55etik gora sendatzen dela gaur egun. Hori bai, guztiek ez diote gaixotasunari irabaziko eta ez dira ahaztu behar gaixoari ekarriko dizkion atzetikoak.

- Horregatik, behin gaixotasuna gaindituta, horrek pertsona hobea egiten zaitu? Besteekiko enpatikoagoa?

Horrela da, hori da gaitzaren kontrapuntua. Onartu behar dugu horrelako diagnostikoa jakinarazten dizutenean bakoitzak itzelezko zaplastada hartuko duela, bizitzako egunik gogorrenetakoa bihurtu daiteke... Baina minbizi mota asko sendatu egiten dira eta horrek emozioen aldaba-hots indartsua eskaini ahal dizu, energiaz beteko zaituena. Mundua ere positiboki hartu dezakezu. Gazteleraz esaten den moduan, “novia/o de la muerte” izan zarenean, bestelako harrotasun batek laguntzen dizu. Horrek askoz ere solidarioagoa eta enpatikoagoa izateko indarrak ematen dizkizu.

- Komunikabideok egoki jokatzen dugu gaixotasunaren inguruko berriak kaleratzean?

Denetarik dago, berriari indarra non jartzen duzunaren arabera. Ez da gauza bera “oraindik %50 hiltzen da” esatea edo “zorionez %50k gainditzen du”. Baina, psikiatra moduan inoiz ulertuko ez dudan arren, oraindik gauza ezkorrek gehiago saltzen dute. Sentsazionalismoak eta tremendismoak badute indarra oraindik, baita jarraitzaileak ere.

-Gaixotasunari aurre egiteko kemena izateak, gaindituko dut pentsatzeak, zenbateko balioa du?

Eragina argia da eta edonolako adibiderik ez da falta, gainera. Zenbaterainokoa den eragin hori ez da kuantifikatu oraindik. Dena dela, EEBB-an orain dela 15-20 urte egindako ikerketa batek zioenez, baikorrek 10 urte gehiago hartzen dituzte. Ez dakit zer datu erabili zuten estudio hori egiteko. Baina nik ere ez dut zalantzarik egiten gaixoa zenbat eta indartsuago eta baikorrago gaitzari aurre egin horrek mesede besterik ez diola ekarriko. Energia baikorra denetariko da lagungarri.

- Gaixoari egia esan behar zaio beti? Edo gaixoaren arabera?

Gezurrik behintzat ez esan, bizirik irautea dago-eta jokoan. Gaixotasunak norantza joko duen ziur ez gaudenean ere, ez da komeni horrekin jokatzen ibiltzea. Gaixoa kontuan hartu behar eta bere tolerantziaren arabera erantzun beharko genuke. Eta bere duintasuna errespetatu, erremediorik ez dagoenean ere.