Lorea Arakistain: “Makinei ere euskaraz hitz egitea garrantzitsua da”

Lorea Arakistain: “Makinei ere euskaraz hitz egitea garrantzitsua da”
2018/02/19 eta kitto!
Euskara eta arlo digitalari buruzko artikulu batek oihartzun handia izan du azken egunotan. Testuaren egilea Lorea Arakistain Aizpiri eibartarra da, PuntuEUS fundazioko komunikazio arduraduna eta …eta kitto! astekariko kolaboratzailea.  Google enpresa erraldoiak euskara ez duela onartzen salatzen du Loreak Sarean.eus webguneko artikulu horretan. Zehatzago esanda, Googlek euskarazko publizitatea atzera botatzen diharduela azaltzen du. Baina zer egin dezakegu norbanako eta komunitate moduan guzti horren aurrean? Zergatik da hain garrantzitsua makinei ere euskaraz hitz egitea?

- Artikulu horretan Googlek euskaraz egindako publizitatea atzera botatzen diharduela  azaltzeaz gain, zure “haserrea” adierazten duzu.
Ez gara konturatzen ingurune digitalean euskarari gertatzen zaionak zer nolako ondorioak edukiko dituen etorkizunean hizkuntzaren normalizazioan. Hiztunen aktibazioan lan asko egiten du euskalgintzak, baina ingurune digitala  apur bat ahaztuta geratzen ari da momentu batzuetan. Gure egunerokoaren parte da on line egotea eta parte horretan euskarak atzera egiteak hizkuntzari eragiten dio. Gertatu dena da orain arte Googlek iragarkiak euskaraz onartzen zituela eta orain ez. Martxan zeuden kanpaina asko atzera botatzen hasi da. Tradizionalki komunikabideak izan dira publizitate plataforma garrantzitsuenak, baina gaur egun Google, Twitter, Facebook eta Amazon bera dira publizitate enpresarik handienak eta publizitate gehien fakturatzen dutenak. Jendeak uste du Google bilatzaile bat dela, baina Google benetan publizitate plataforma bat da. Publizitatearen ikuspegitik Googlekin aurrerapausoen zain geunden, eskarietako bat da iragarkiak hizkuntzaren arabera segmentatzeko orduan euskara hautatu ahal izatea. Era berean atea ireki nahi dugu euskarazko hedabideek Googleko iragarkiak jasotzeko. Eta bi  aurrerapausu horien zain geundenean, atzera botatako iragarkien albistea iritsi zaigu, albiste kezkagarria eta larria benetan.

- Nola eragiten die Googleren erabaki horrek euskaraz publizitatea jarri nahi dutenenei?
Googlen bilaketa egiten dugunean lehen eta bigarren emaitza iragarkiak izaten dira. Hor ezin bada euskararik agertu, lehengo bi emaitzetan ez da euskararik egongo eta ikusgarritasuna eta lehiakortasuna galduko du iragarleak, edo bestela, erdarara edo frantsesera joko du. Ondorioz, euskarak galduko du, enpresak zerbitzua eta produktuak beste hizkuntza baten eskaintzen hasiko direlako.

- Nola konturatu zinen arazo horretaz?
Badira urte batzuk hainbat webgune iragartzeko erabiltzen dudala Adwords, AdsGrant programaren bitartez. Modu horretan badakizu bilatzen zaituenak lehenengoan aurkituko zaituela eta ez da gutxi. Abantaila nabarmena da, batez ere, mugikorreko bilaketetan. Mugikorrean egiten dugun bilaketa bakoitzean bi edo hiru emaitza bistaratzen zaizkigu lehen pantailan eta edozein produkturentzat da garrantzitsua horretan agertzea. Azaroan idatzi zidaten 3 iragarki blokeatu zituztela esateko, eta  jakin dut beste hainbat erabiltzaileri ere gertatu zaiela.

- Zergatik egin dute hau? Azalpenen bat eman dute?
Erantzun digutena da Googlek ez duela euskara onartzen eta beste hizkuntza baten egin beharko dugula. Googlera joateko asmoa daukagu. Arrazoi asko egon daitezke. Alde batetik errentabilitate kontua izan daiteke. Orain dela urte batzuk Twitterrekin gertatu zitzaigun; kontua zen Twitterrek iragarkiak errebisatzeko pertsonak zituela eta ez zegoen iragarki nahikoa euskaraz pertsona bati ordaintzeko. Beste faktore bat Big Data delakoa izan daiteke. Datu asko dituzte makinek ikasteko eta euskaraz ez dago bolumen edo datu nahikorik, normalean beste hizkuntza baten egiten baitugu bilaketa. Beste arrazoi bat konfigurazioa izan daiteke. Nabitzaileak eta mugikorrak nabegazio-hizkuntza jakin batean egoten dira konfiguratuta. Webguneek erregistratu egiten dute zein hizkuntzatan sartzen garen eta horren arabera erakusten digu edukia hizkuntza batean ala bestean. Momentu honetan euskaldunon %3k daukagu euskaraz konfiguratuta eta oso gutxi da. Iaz neurketa bat egin genuen eta orain beste bat egin dugu. Aurten datuak iazkoak baino txarragoak dira. Mugikorraren erabilerak gora egiten duen heinean datu horiek behera egin dute. Ordenadoreak urteak irauten ditu eta nabigatzailea euskaraz konfiguratzen baduzu horrela lagatzen duzu luzaroan.  Baina mugikorrak oso sarri aldatzen ditugu, eta, nahiz eta kanpainak egin, mugikorra aldatzen duzunean gero ez duzu berriro euskaraz jartzen.

- Beraz, norbanakoek badaukagu guzti honetan ardura. Gure esku dago gure gailuetako hizkuntza aukeratzea.
Tabernetan edo dendetan sartzen garenean lehen hitz hori euskaraz egiteko ardura hartzen dugun bezala, norbanakoek ordenagailu eta mugikorrekin gauza bera egin beharko genuke. Gure ardura da eta oso erraza: aplikazio batzuk daude, eta oso erraz instalatzen dira. Iazko Lehen hitza kanpainak ondo funtzionatu zuen, 10.000 deskarga izan zituen, baina arazoa da askotan aldatzen dugula telefonoz eta ez diogula gai honi daukan garrantzia ematen. Lantoki eta udaletan ere horrelako erabakiak hartu beharko lirateke. Horrez gain,  beste eskaera batzuk egin behar dira. Gauza bat da txikiak izatea eta beste bat eskubiderik ez izatea. Euskara beste hizkuntzen mailan egon behar da, eskubide berdinekin. Google  eta hauekin gertatzen dena da ez dagoela interlokuzioa antolatuta eurekin. Komeni da elkartuta eta antolatuta joatea eta eskari zerrenda osoarekin. Guk gaia Euskararen Aholku Batzordera eramango dugu hilabete honetan, ingurune digitaleko lantaldera, hain zuzen. Uste dugu hausnarketetatik eta analisietatik harago ekintza-plan batekin atera behar garela handik. Herrialde askotan, Danimarkan esaterako, enbajaxadore digitalaren figura ari dira sortzen euren interesak defendatzeko eta eskubideak aldarrikatzeko. Lobby lana egin behar da, azken finean. Norbaitek gogoratu egin behar die txikiak garela baina hemen gaudela. Eta erakundeek ere hemen zeresan handia daukate.

- Aipatu duzun moduan, Twitter sare sozialarekin antzerako zerbait gertatu zen orain dela urte batzuk.
Twitter txikiagoa da, baina hara joan ginen anuntzioak blokeatzen hasi zirenean. Tarteko formula bat topatu genuen eta euskaraz publizitatea egin nahi duenak puntuEUSen kontuaren bitartez egin ahal du.  15 hizkuntzatan egin daiteke publizitatea Twitterren, eta euskaraz ere bai, sistema berezi horren bitartez. Beraz, kontua ez da Googleri kontra egitea, Googlekin elkarlanean aritzea baino, eta behar izanez gero, gure laguntza eskaintzea.

Argazkia: Jon Urbe (Argazki Press)

 

PuntuEUS fundazioaren helburua ingurune digitalean euskara beste hizkuntzen mailan  kokatzea da. Horretarako domeinua da tresna nagusia, euskarazko edukiari balioa eta  ikusgarritasuna ematen diolako, baina beste proiektu asko ere badituzte. Iaz Lehen hitza kanpaina jarri zuten martxan. Interneten ere lehenengo hitza euskaraz izateak garrantzi  handia dauka. Nabigazio-hizkuntza konfiguratzea eta euskara lehenestea oso garrantzitsua da. Izan ere, nabigatzailearen hizkuntzak esaten dio munduari zein den gure lehenengo  hizkuntza. PuntuEUS fundazioaren helburua ingurune digitalean euskara beste hizkuntzen mailan
kokatzea da. Horretarako domeinua da tresna nagusia, euskarazko edukiari balioa eta
ikusgarritasuna ematen diolako, baina beste proiektu asko ere badituzte. Iaz Lehen hitza kanpaina jarri zuten martxan. Interneten ere lehenengo hitza euskaraz izateak garrantzi
handia dauka. Nabigazio-hizkuntza konfiguratzea eta euskara lehenestea oso garrantzitsua da. Izan ere, nabigatzailearen hizkuntzak esaten dio munduari zein den gure lehenengo
hizkuntza.