Lucia Juarez Simon: “Jendeak ni nolakoa naizen ikustea nahi dut”

Lucia Juarez Simon: “Jendeak ni nolakoa naizen ikustea nahi dut”
2015/10/08 eta kitto!

- Nolakoa da zure eguneroko bizimodua?
Goizez lanera joaten naiz Eibarko Mankomunitatera, han praktikak egiten ditut. Txikitatik gustatu zait bulegari-lana. Horretaz gain,  pianoko klaseetara joaten naiz astean behin. Pianoa asko gustatzen zait.  Eta Lagun Taldeakoekin astean hiru aldiz elkartzen naiz. Ostiraletan, adibidez, mahai jokoak eta dantzak egiten ditugu.

- Eta asteburuan zer nolako planak izaten dituzu?
Larunbatetan Txolartera joaten naiz. Aisialdi taldea da, eta gauza asko egiten ditugu: irteerak, jaiak, tailerrak… Txolartekoekin egoten naiz arratsaldean, eta gauean batzuk Anardira joaten gara afaltzera. 6 edo 7 lagun izaten gara normalean eta urtebetetzeak Telepizzan ospatzen ditugu. Aurten mutil berri bat gehitu zaigu, eta Malen eta Mireia Mutriku eta Mendarokoak direnez, normalean, urtebetetzeetara bakarrik etortzen dira.

- Beraz, kalean ibiltzea gustatzen zaizu…
Bai, eta nire herrian antolatzen diren ekitaldi eta jai guztietan parte hartzea gogoko dut. San Juanetako Danborradan parte hartzen dut, Santa Zezilian, Sagardo egunean ere egon nintzen, Coliseoko musika-emanaldietara joaren naiz… Skapital Cityren kontzertuetara joatea gustatzen zait eta Ustekabe txarangaren jarraitzaile sutsua naiz. Oso mutil guapoak dira!!!  Eibar futbol taldearen partiduak daudenean kalean egoten den giroaz gozatzen dut. Laredon Mendilibar ezagutu genuen.

- Oso neska polita zara eta kanpainako karteletan eta bideoan benetan ederra azaltzen zara. Zeure burua zaintzea gustatzen zaizu?
Larunbatetan makilatu egiten naiz kalera irtetzeko. Eta gaur ere bai apurtxo bat makilatu naiz zuekin egon eta gero ETBkoekin gelditu naizelako beste elkarrizketa bat egiteko. Aurretik moda desfileak ere egin ditut Sindrome de Down Fundaziokoekin, horietako bat Euskaldunan. Aurtengo kanpainako argazkiak Astigarragan egin genituen, estudio batean. Eta orain kartelak kalean, markesinetan eta leku guztietan ikusiko dira. Jendeak ni nolakoa naizen ikustea nahi dut.