Luz Maceira, ikertzailea: "Emakumeen aztarnak batuta, iragana berreraiki nahi dugu"

Luz Maceira, ikertzailea: "Emakumeen aztarnak batuta, iragana berreraiki nahi dugu"
2015/04/21 eta kitto!

- Nolatan ekin zenioten "Emakumeen Aztarnak Eibarko Industrializazio-prozesuan" proiektuari?
Eibarren baino lehen, Emakumeen Aztarnak proiektua beste herri batzuetan garatu dugu. Beraz, aurrekari batzuk bazeuden eta, horien berri izatean, Eibarko Udaleko Berdintasun Arloko eta Emakumeen Mahaiko ordezkariak gurekin harremanetan ipini ziren, Eibarren ere horrelako proiektua garatzeko interesa zutela adierazteko. Iazko azaroan proiektua zehazten joateko batzen hasi ginen eta horrela abiatu zen esku artean daukagun ikerketa lana.

- Eta nola elkartu zineten zuek hiruro proiektu zabal hori sortzeko?
Berez, bakoitzak gauza bat ikasi dugu: Zaidak soziologia, Savinak antropologia eta nik, berriz, Hezkuntza Zientziak. Hala ere, hirurok genero eta feminismoari lotutako graduak dauzkagu eta, hain zuzen ere, horrek batu gaitu. Nik 2010ean izan nuen Zaidaren lanaren berri, emakumeen inguruko beste lan batekin nenbilenean. Biek gai beretsuen inguruan jardutean, hitzaldietan eta bestelako ekitaldietan bat egiten hasi ginen eta, interesak berdinak direnez, Oreretan bien arteko elkarlanari ekin genion hango emakumeen aztarnak batzeko proiektuarekin. Eta Savina pixka bat geroago, Eibarko proiektuan beharrean hastearekin batera batu zaigu.

- Nolako iturrietara jotzen duzue andra horien aztarnak batzeko?
Proiektuaren oinarria parte-hartzea da eta horretarako bide nagusienetakoa hilero egiten ditugun bilerak dira. Bilera horietako ardatza, berriz, elkarrizketa da. Batzen diren emakumeek berba egiten joaten dira eta, horrela, gogoratzen eta kontatzen dituzten gauzekin iragana berreraikitzen joaten gara. Bilerei "oroimenerako saioak" esaten diegu guk.
Horrekin batera, saio horietan bildutakoa beste toki batzuetatik jasotzen ditugun edukiekin osatzen joaten gara: besteak beste, jubilatuekin, sindikatuetako ordezkariekin, enpresariekin, gaian adituak direnekin… egindako elkarrizketetan kontatzen dizkigutenekin eta, jakina, artxiboetan aurkitzen dugun informazioarekin.

- Badago antzekotasunik beste herri batzuetan izandako esperientzien eta orain arte Eibarren entzun diztuzuenen artean?
Emakumeei buruz jardutean, badaude munduko toki guztietan errepikatzen diren ezaugarri unibertsal batzuk: horietako bat, zoritxarrez, gizonekiko berdintasun eza da. Hortik haratago, aztertutako herri guztiak Euskal Herrikoak izaki, beste hainbat gauza herri guztietan ageri dira: proiektuaren inguruan batu diren emakumeak bete-betean sartu dira, erabat inplikatu dira eta herritar-kontzientzia sakona dutela erakutsi dute. Horrekin batera, iraganaz berba egitean bat datoz lan asko egon zela eta, beraz, ongizate maila altua ezagutu zutela esatean. Eurek horrela gogoratzen dute eta guretzat horrek, iragana eurek nola gogoratzen duten dauka garrantzia. Baina egia da Oreretan industrializazioaz berba egitean batez ere nostalgia sentimendua gailendu zela, atsekabe handia zuten industriari lotutako iragan hori gazteek ezagutu ez zutelako. Eibarren, berriz, ez da horrelako nostalgiarik somatzen, emakumeen jarrerak erreibindikazio nahia erakusten du, orain arte gertatu ez den aitortza lortu nahi dute.

- Ikerketarako informazio guztia batu eta gero, zer egingo duzue?
Epe luzerako proiektua da. Hileroko bilerekin urtea amaitu arte jarraitzeko asmoa daukagu. Bilerak jende guztiarentzat zabalik daude eta dagoeneko hamar bat laguneko lantaldea nahiko finkatuta dago, egunaren arabera taldea handiagoa edo txikiagoa izaten den arren. Saioak Andretxeak dinamizatzen ditu eta Emakumeen Mahaiak ere parte hartzen du. Oraindik ez dugu pentsatu azterketa amaitzean zer egingo dugun, baina beste herrietan egindakoaren bidetik, proiektuak aurrera egin ahala emakumeek eurek ikusiko dute zer den egokiena. Guk dokumentu bat aurkezteko konpromezua, besterik ez daukagu. Oreretan, adibidez, jendeak lagatako argazki mordoa pilatu ziren eta horiek argitara ematea erabaki zuten, beste batzuk erakusketa antolatu nahi izan dute… Eibarren dauden baliabideak eta beste faktore batzuk begiratu eta gero, aukerarik egokiena zein den begiratu beharko dugu.