Maria Luisa Zuloaga eta Mikel Urkia: “...eta kitto!-ko familiaren parte sentitzen gara”

Maria Luisa Zuloaga eta Mikel Urkia: “...eta kitto!-ko  familiaren parte sentitzen gara”
2018/03/16 eta kitto!
Aurten ...eta kitto! Euskara elkartearen 25. urteurrena ospatzen ari gara, eta urte guzti hauetan bazkideen parte-hartzea eta ekarpena oso garrantzitsua izan delako ospakizun berezia egingo dugu apirilaren 22an Coliseo antzokian. 1992an sortu zen elkartea, Eibarren euskararen alde lan egiteko eta euskaltzaleen sarea osatzeko helburuarekin. Garai hartan egin ziren ...eta kitto!ko bazkide Maria Luisa Zuloaga eta Doroteo Urkia senar-emazteak, "eta bazkide izateari lagatzea ez zaigu inoiz ere burutik pasatu".

Euskaldun izatez gain euskaltzaleak dira Maria Luisa eta Doroteo, eta etxean  beti jardun dute euskaraz euren 4 semeekin. Mikel etxeko gazteena da eta berak ere ondo ezagutzen du elkartea. Urte asko eman zituen aldizkaria Eibarko etxeetan banatzen eta oso ondo gogoratzen ditu urte haiek. "14 urterekin Egunkaria banatzen nuen bizikletarekin, eta gero ...eta kitto! banatzen hasi nintzen, euskarari laguntzeagatik eta bide batez sosa batzuk irabazteko. Gida komertziala banatu behar zenean amaren R-7an sartu, anaiaren mendiko motxila hartu eta karroa goraino beteta... hor ibiltzen nintzen”. Elkartearen egoitza desberdinak ezagutu zituen Mikelek: Markeskua, Armeria Eskola pareko lokala eta merkatu plazakoa. Ez da lan makala aldizkaria buzoi guztietara ailegatzeko banatzaileek egiten duten lana, pisu handia eraman behar izaten dute karroetan eta eguraldi txarrari  aurre egin behar izaten diote askotan. Neurri handi batean eurei esker daukagu barixakuero aldizkaria gure etxean, eta hori benetan eskertzekoa da.

...eta kitto!rekin harremana eta elkarlana ez zen horretara mugatu, eta elkartea merkatu plazan zegoen sasoian, gazteentzako gauzak antolatzen ibili zela esan digu Mikelek: “Ondo gogoratzen ditut Julian Etxebarria kaleko Caja Laboralean eta Kulturalaren ondoko lokalean antolatzen genituen artista gazteen erakusketak. Kontzertuak ere antolatzen ibiltzen ginen”.

Bazkide noiz egin zen ez du gogoratzen Mikelek. Orain Eibartik kanpo bizi da, Markinan, eta “astekaria korreoz jasotzen hasi nintzenean albisteak desfasatuta ikusten nituenez, eta gastu bat iruditzen zitzaidanez, aldizkaria ez bildatzeko abisua pasatu nuen. Eguen iluntzeetan ohitura handia daukat online irakurtzeko”.
Elkartea Markeskuan zegoenean egin zen bazkide Maria Luisa. Berarentzat oso garrantzitsua da euskararen alde egiten den guztia eta, horregatik, harrotasun eta poztasun handiarekin esaten du herriko euskara elkarteko kide dela. "Elkarteak antolatzen dituen gauzetan parte hartzea gustatzen zait, euskararekin zerikusia daukaten ekitaldi guztiekin bat egiten dut. Gogo handiarekin hartzen dut aldizkaria barixaku gabeetan, momentu horren zain egoten naiz, gauza askotaz enteratzen naiz aldizkariari esker. Eta aldizkari bat lurrean botata edo zakarrontzian ikusten badut... mina hartzen dut, sutan jartzen naiz”. Aldizkari asko ditu etxean ondo gordeta, eta horien artean, nola ez, bere semeek urtero San Ferminetan “...eta kitto! eskuan daukatela ateratzen dituzten argazkiak jasotzen dituzten aldizkari guztiak”.
Laguntzeko prest egoten da beti Marialui. Aurreko zapatuan loreak eta landareak biltzen ibili ziren Azitaindik gora Berbetan programetako hainbat kide eta, eguna biribiltzeko, Maria Luisak bazkari gozoa prestatu zien Asola Berrin, Joxean semearekin batera. Doroteok ere urte askoan lagundu dio elkarteari Sagardo Egunean, Tantanez Tantan...

Gaurko gaztetxoak nola ikusten dituen galdetu diogunean baikor agertzen da Marialui, “denek dakite euskaraz hitz egiten, eta hori oso ona da. Nik beti egiten diet euskaraz. Kalean erdaraz entzuten badiet, ezin naiz isilik gelditu eta `ez dakizue euskaraz, ala?´ galdetzen diet. Ezin gara isilik gelditu. Pena da jakin baina ez egitea”. Mikel ez da hain baikor azaltzen, euskara ez atzera ez aurrera ikusten du Eibarren. Markinan beste errealitate bat bizi du berak.
Elkartean beti laguntzeko prest daude Urkiatarrak. ..eta kitto-!ko familiaren parte sentitzen dira eta Mikelek emailez mezu bat bidaltzen duen bakoitzean “kaixo familia!” izaten dira beti lehenengo hitzak. Bai horixe, hitz gutxirekin gauza asko esan daitezke!