MARIVI MURILLO: “Gitarra hartu eta berehala jartzen naiz kantuan”

MARIVI MURILLO: “Gitarra hartu eta berehala jartzen naiz kantuan”
2012/04/19 eta kitto!

-Zer suposatu du zuretzat Voces y Cuerdas taldeko abeslari berria izatea?
Hasiera batean sorpresa handia izan zen. Ahizpa etorri zitzaidan esanez Voces y Cuerdas taldekoak abeslari bila zenbiltzala eta nire izena eman ziela. Betidanik gustatu izan zait abestea, etxean egindako afari edo festetan, urtebetetzeetan eta abar beti abestu izan dut. Gitarra hartu eta berahala ipintzen naiz kantuan, baina hori beste kontu bat da. Orain, Voces y Cuerdas taldeko abeslaria izatea ohore eta plazer handia da niretzat, musikari eta abeslari hauekin batera kantatzeko aukera daukadalako. Nirearekin bat egiten duten beste ahots bi aurkitzea zoragarria da eta hasi nintzenetik oso gustora nago taldean.
-Noiztik zabiltza taldean?
Udazkenean batu nintzen, urria inguruan.
-Eta orain arte ibili al zara beste talderen batean?
Ez. Tira, institutuko jaialdian eta antzeko gauzetan aritu izan naiz gauzatxoak egiten. Festetan, ospakizunetan… baina talde batekin ez.
-Aldaketa egongo da, beraz, etxean edota lagun artean aritzetik, talde batean aritzera.
Erantzunkizun sentsazioa daukat orain. Gitarra hartu eta lagun artean abestea erraza da, berahala libratzen zarelako eta egiten duzuna hor geratzen delako, lagun edo familia giroan. Baina orain erantzunkizun bat daukat. Hori bai, eszenatoki gainean urteak daramatzan taldea da hau eta egonkortasuna dutenez, errazagoa da eurekin ikastea. Gainera, asko harritu nau eurek duten entzumena, berehala antzematen dute zein doinutan egin duzun. Ni nire ahotsa ipini eta ahalik eta hobetoen egiten saiatzen naiz. Hasiera batean Los Panchos taldean banego bezala sentitzen nintzen eta hasieratik oso babestua sentitu naiz. Aritua nintzen musika kontuetan, baina eurekin asko ikasi dut denbora honetan.
-…
Pertsonalki, gainera, ilusioa egiten dit honek denak aurrera jarraitzeak. Nire aitxitxa, Emilio Goin, gerraostean, aratosteetan gitarrarekin irtetzen zen eta, moduren batean, familiako musika izpirituarekin jarraitzen dut. Bestetik, beti gustatu izan zait Voces y Cuerdasek egiten duen musika: boleroak, hegoamerikako musika…hori edan dut bizitza osoan. Behin, osabak gitarra oparitu zidan eta amamak esan zuen: “gure baltza moduan!”, aitxitxaz berbetan. Ordutik ospakizun guztietan gitarra atera eta kantuan ibili naiz. Beraz, pozgarria da orain Voces y Cuerdasekin musika hau plazaratzea, polita delako eta Eibarren beti gustatu izan delako.