MIKEL BADIOLA: “Erreskaterako, zure txakurra oso ondo ezagutu behar duzu”

MIKEL BADIOLA: “Erreskaterako, zure txakurra oso ondo ezagutu behar duzu”
2012/03/22 eta kitto!

-Nola animatu zinen UCASean sartzera?
Lagun batekin txakurren heziketarako kurtsoa egin nuen eta Eibarren UCAS zegoela jakin genuen. Valeriano UCASeko arduradunarekin kontaktuan jarri eta horrela hasi ginen.
-Zer egiten duzue UCASen?
Bazkide bakoitza bere txakurrarekin doa eta txakurrak erreskaterako entrenatzen ditugu.
-Nolakoak izaten dira entrenamenduak edo ariketak?
‘Cortos’ deitutako ariketak egiten hasten gara. Hau da, txakurrak ikustea zuk daukazula berak nahi duen jostailua, ziria sartu pixkat bat eta korriketan hasi berak ikusteko nora zoazen. Gero, han ariketak egiten hasten gara, izkutatzen eta abar. Txakurrak ehiza ulertzeko egiten dugu hori.
-Zer du txakur batek erreskaterako gizakiak ez duena?
Usaimena! Eta azkartasuna ere. Bost minututan pertsona bat erreskatatu dezake eta hori pertsonen artean egin beharko bagenu, askoz ere gehiago izango litzateke. Hondakinen artean berak markatzen du non dagoen pertsona. Metro askotara usaindu dezake pertsona bat, sinestezina da.
-Jabe moduan, nola ikusten duzu txakurra horrelako gauzak egiten?
Oso pozik! Nire txakurra ez da operazioetan ibiliko, horretarako nagusia delako (txakurkume bat hartzea da nire asmoa). Baina pistetan dabil eta beste txakurrek egiten dituzten ariketak egiten ditu. Asko gustatzen zaio jolastea eta txakur bat gauzak egiten badabil, pozik dago.
-Egin duzue erreskaterik.
Ez, niri ez zait tokatu egitea.
-Zerbait egin behar izanez gero, zein izango litzake zuen papera?
Erreskatearen araberakoa izango da hori. Zure txakurra ezagutu behar duzu, nola egiten duen zaunka, zelan mugitzen den, eta abar. Txakur bakoitza ezberdina da, beraz, zurea ondo ezagutu behar duzu. Orduan, erreskatea egin behar den lekuan uzten duzu (edo erreskatea egin behar dela uste duzun lekuan, biktima aurkitzea delako kontua) eta berak egiten duena adi aztertzen duzu. Zuk ondo ezagutzen duzunez, zerbait adierazten dagoela edo norbait aurkitu duela jakin dezakezu.