MIREIA OTZERINJAUREGI: “Kantatzen irakastea beti da pozgarria niretzat”

MIREIA OTZERINJAUREGI: “Kantatzen irakastea beti da pozgarria niretzat”
2012/02/02 eta kitto!

-Zertan datza HIAHOKA proiektuak?
Esan beharra dago, aurretik, proiektua ez dela nire ideia izan. Nik kantu klaseak ematen ditut eta ikasle bat etorri zitzaidan, Petra Elser. Alemaniarra da bera, baina euskeraz egiten du. Lantzean behin itzulpenak egiten ditu eta bere ideia zen euskal kantuekin euskera ikastea. Beraz, elkarrekin hasi ginen eta urtebete pasa zenean, esan zidan etorkinei euskerazko klaseak ematen hasi nahi zuela, uste zuelako kantuen bitartez oso egokia izango litzatekeela. Petraren ustea zen etorkinak ez zirela Euskaltegi batean ikasten hasiko, zaila egiten zaielako. Orduan, bera klaseak ematen hasi zen eta hilean behin ni joaten nintzen kantu klaseak ematera (Petrarekin ere kantuan aritzen ziren, baina berak printzipioz hori irakasten ez duenez, ni hilabetean behin joaten nintzen). Gero, liburu bat egin genezakeela pentsatu zuen, beste irakasle batzuek erabil zezaten (Euskaltegietan, DBHko irakasleek…). Kantu-liburu bat, azalpenekin eta ariketak barruan dituena (gorputza, arnasa eta ahotsarentzako ariketekin, besteak beste). Horrela, euskera ikasten da kantuen bitartez, euskeraren doinua hartzen du ikasleak eta baita kultura ere. Gainera, modu alai eta ludikoan jarriko dira harremanetan hizkuntzarekin. Batzuei lotsa ematen die abestea, baina saiatzen gara poliki-poliki lotsa kentzen (barreak).
-Non dago martxan proiektua?
Urnieta, Andoain, Billabona, Hernani, Lasarte-Oria, eta orain Tolosa eta Beasainen hasi behar dugu.
-Nolakoak izaten dira kantu klaseak?
Nik ematen ditudan klaseetan gorputza erlaxatzen hasten gara lehenik eta behin. Arnasarekin hainbat ariketa egiten ditugu ondoren, eta ahotsa eransten diegu ariketa horiei. Barre egiteko ariketak ere lantzen ditugu, negarra imitatzen dugu… ahotsa eta emozioa lotzeko ariketak, azken finean. Lotsa kendu edo askatzea da helburua. Azkenean, landu behar dugun kantuaren testua irakurtzen dugu ondo ahoskatuz eta hainbat ariketekin hori hobetzen goaz. Zailak diren esaldi edo berbak hartu eta lantzen ditugu; eta kantuaren esanahia azaltzen ere saiatzen gara. Klaseak dinamikoak egiten ahalegintzen gara, taldeka aritzen dira ikasleak eta batzuetan banan-banan ere zatiak abesten dituzte.
-Zein motatako jendea joaten da klaseetara?
Adin ezberdinetako jendea hurbiltzen da, klaseak ematen diren herrietan bizi direnak (etorkinak zein herri horietan jaiotakoak), kantatzen ikasi nahi duen jendea, euskera ikasi nahi dutenak…
-Euskeraz egiten jakin eta kantatzea nahi duen jendea etorri zaizue?
Bai, bai. Euren arazoa zen: “Inoiz ezin izan dut kantatu, desastrea naiz” (barreak). Jendea elkartzeko aitzakia da eta helburu bi ditu: bata, etorkinak integratzea, modu alaiean; eta bestea, hemengo jendeak euskal kantuak abestu eta kantatzen ikasi nahi badu, aukera hori ematea.
-Aurretik egin da horrelako ekimenik?
Nik ez nekien, baina joan den egunean, prentsaurreko batean, Foru Aldundiko arduradun batek esan zuen Urkok egin zuela horrelako zerbait: kantuekin euskara irakatsi. Eibarren ikasi nuenean gogoratzen dut nola euskarazko irakasle batek kantuak jartzen zizkigun. Entzun bakarrik egiten genuen orduan, beraz, agian inoiz ez da kantatuz euskara irakatsi, ahotsa, kantua, erabilpena… guk egiten dugun bezela landuz.
-Zein da zure papera klaseetan?
Kantu irakaslea naiz, baina nola ikasleek euskera nahiko gutxi dakiten, berbak azaltzen dizkiet. Adibidez, “sorbaldak erlaxatu” diodanean, ez badakite sorbalda zer den, “los hombros” azaltzen diet.
-Zer ekarri dizu proiektuak?
Niretzat kantatzen irakastea eta bestei zerbait ona ematea beti da pozgarria. Klaseetan musika estilo ezberdinak jorratzen ditugu (jazz, pop, folk…), bakoitzaren eskaeraren arabera laguntzen saiatzen naiz. Orduan, proiektu honetan nire beharra badute, ni pozik.
-Proiektutik abeslari talde bat irten daitekeela uste duzu?
Batzuk ondo abesten dute, beste batzuk ez (barreak). Posible da batzuekin talde bat egitea, baina momentuz ez dut horretan pentsatzen. Hala ere, grabatu dute kantu bat Pirritx eta Porrotxekin jada: koroak egin zituzten arrazakeria lantzen duen Xabier Solanoren abesti batean.