Miren Torrealday, irulea: "Gure baserrietan irutea beste etxeko lan bat baino ez zen"

Miren Torrealday, irulea: "Gure baserrietan irutea beste etxeko lan bat baino ez zen"
2015/02/13 00:00
eta kitto!

- Nolatan hasi zinen goruan iruten?
Umetan amamarekin puntu tontoa egiten ikasi nuen eta, luzaroan lagata izan eta gero, handik urte batzuetara, 18 bat urte nituela berriz hasi nintzen horretan, lasaitzeko terapia moduan. Hamaika alditan bufanda berbera egin eta desegin nuen eta, lagun batekin batera, gaiarekin interesatzen joan nintzen eta puntuaren inguruan benetan mundu zabala zegoela ikusi genuen. Nik egin nahi nituen enkajeak egiteko oso artile espezifikoa behar nuenez, interneten horren bila hasi eta horrela jakin nuen oraindik iruten duen jendea egon badagoela. Horren inguruko jakinmina piztu zitzaidan eta, Bartzelonan nik behar nuen fibra aurkitzean, lehen ardatza muntatu eta iruten hasi nintzen. Gustatzen zitzaidala ikustean, handik astebetera Zeelanda Berrian egindako gorua erosi nuen. Ohiturak dio goruari izena ipini behar zaiola eta nik Ikea ipini nion, gorua nik neuk muntatu nuelako.

- Gorua Zeelanda Berritik ekartzeko, ez da erreza izango horrelakorik hemen inguruan aurkitzea…
Harrezkero bost urte igaro dira eta, egia esateko, orduan orain baino zailagoa zen. Baina gero eta goru gehiago ikusten hasi dira. Etxean goru tolesgarria daukat eta hori Errioxan, antikuario batean erositakoa da. Sarritan horrelako dendetan saltzen dituztenak erabilezin bihurtutakoak izaten dira, baina hau osorik eta erabiltzeko moduan zegoela ikusi nuenean, birritan pentsatu barik erostea erabaki nuen.

- Irulearena ia galdutako lanbidea izanik, nola ikasi duzu?
Zeharo autodidakta naiz, Youtuben dauden bideoak ikusita ikasi nuen. Eta behin hasita, horrelako lanetarako eskua dudala konturatu naiz. Bestela, berez lan erreza da, orain ez horrenbeste urte baserrietan iruten zen, egin beharreko beste etxeko lan bat gehiago zen. Ez du aparteko trebetasunik eskatzen. Azken batean, mugimenduak mekanikoak dira eta badirudi hor nonbait oroimen muskularrean zerbaitek irauten duela. Egia da ia galdutako lanbidea dela, baina oraindik geratzen dira irule batzuk. Iruten hasi eta denbora batera horietako bat ezagutu nuen Lasturren.

- Zaletasun edo denborapasa modura hasitakoa ogibide bihurtu duzu…
Antropologia ikasi nuen eta ogibidez liburuzaina nintzen. Beharra albo batera lagatzea eta honetan hasteko erabakia hartzea ez zen erreza izan, baina etxekoek eta lagunek asko animatu ninduten eta, horrela, pausoa eman eta Ardilanak zabaldu nuen.

- Zertarako erabiltzen dira zuk iruten dituzun moduko hariak?
Berez edozer egiteko balio dute. Nere espezialitatea enkajezko tokillak dira eta horrelakoak egiteko oso hari finak, gramo gutxitan metro asko betetzen dituztenak behar izaten ditut.

- Eta merkatuan dagoen eskaintza zabalarekin, horren zaila egiten zaizu zuk behar duzuna aurkitzea? Zertan ezberdintzen dira zuk iruten dituzun hariak edo artilea?
Norberak irutean lortzen duen artileak zerikusi gutxi dauka artile komertzialarekin, norberak irutean bestela nekez aurki daitezkeen ezaugarriak dauzkan artilea lortzen da. Bestalde, artilea bera sortzeko prozesua ezagutzean materiala bera hobeto lantzen da. Zehazki nahi duzun kolorea lortzeko ere gauza bera gertatzen da, nik Lasturren bizi den irule horrekin ikasi nuen tintatzen, tinte naturalak erabilita nahi ditudan koloreak lortzen ikasi dut: intxaurren kanpoko oskolak berdea ematen du, kipularen azalak horia…

- Klaseak ere ematen dituzu, ezta?
Bai, ikasi nahi dutenentzat klaseak ematen ditut eta badauzkat ni baino gazteagoak diren ikasleak, baita nagusiagoak ere. Nik pauta batzuk ematen dizkiet, martxan hasteko pausoak azaltzen dizkiet, baina gehienbat independiente izaten erakusten ahalegintzen naiz.