Mireya Etxaluze, astrofisikaria: “Zientzia funtsezkoa da gure gizartearen garapen teknologikorako”

Mireya Etxaluze, astrofisikaria: “Zientzia funtsezkoa da gure gizartearen garapen teknologikorako”
2017/11/24 eta kitto!
Bakailaoaren Kofradiak XXIV. Kapitulua egingo du domekan, hilaren 26an, eta Cesar Huerta, Nekane Muguruza eta Mireya Etxaluze izendatuko ditu Ohorezko Kofrade. Ingalaterran bizi da Etxaluze, bertan ari delako lanean astrofisikari eibartarra, eta bisita azkarra egingo dio bere jaioterriari asteburu honetan. Han eta hemen ibili da lanean eta zerura begira bete du txikitako ametsa. Orain, gogo handiz begiratzen dio grabitazio-uhinen detekzioak astrofisikari ireki dion etorkizunari.

 

-Izarrei begira hazi zinen? Beti nahi izan duzu astrofisikaria izan?

Bai, beti. Txikitan espazioarekin zerikusia zuten gauzek liluratzen ninduten eta oso argi neukan astrofisika ikasi nahi nuela.

-Eibar ez da, bada, izarrak ikusteko tokirik aproposena. Zu zeu kanpora joan behar izan zinen ikastera. Nolako esperientzia bizi izan zenuen?

21 urterekin Tenerifeko La Lagunara joan nintzen astrofisika ikastera. Ordura arte, 3 urtetik 18 urtera, Aldatzen ikasi nuen eta gero Leioara joan nintzen fisika ikastera. Han ere klaseko koadrila neukan. Norberaren konfort-gunetik irten eta irailean Kanariar Uharteetara iristea, ezer eta inor ezagutu gabe, handia izan zen. Lehen eguna gogoratzen dut, etxetik 2.000 km-ra. Estutasuna sentitu nuen, baina lehen egunean bakarrik sentitu nuen hori. Bigarren egunean esnatu eta bertan zaude, eta ikasten hasten zara orduan. Zure bizitza egiten, lagunak aukeratzen eta bizitzari aurre egiten ikasten duzu. Oso pertsona independentea egin nintzen han. Niretzat, Kanarietan egin nituen urteak izan ziren onenak.

-Hemendik kanpo garatu duzu zure ibilbide profesionala. Non? Zein bide jarraitu duzu?

Karrerako azken urtean Oxfordeko Rutherford Appleton Laboratoryra joan nintzen Leonardo beka batekin. Orain ez dakit existitzen diren, baina atzerriko enpresetan sei hilabetetan lan egiteko bekak ziren. Harrezkero, bila ibili gabe etorri zait guztia. Rutherford Appleton Laboratoryn geratu nintzen doktoretza egiten, eta izarrarteko ingurunean hauts- eta molekula-partikulen osaketaren gainean ikasi nuen. AKARI Japoniako Espazio Agentziaren (JAXA) espazio-teleskopioa zenaren datuen kalibrazioan ere egin nuen lan eta, ondorioz, hainbat alditan Japoniara bidaiatu behar izan nuen eta Tokyon bizi izan nintzen hiru hilabetez. Hura bai izan zela esperientzia itzela! Gero, tesiaren defentsa egitear nintzela, Harvard-Smithsonian astrofisika zentroko irakasle batek deitu zidan. Nik egiten nituen antzeko kontuak egiten ari zirela esan zidan, eta nire doktoretzari buruzko hitzaldi bat eman eta astebete eurekin lan egiteko gonbidatu ninduten. Aste hura amaitzean, doktoratu osteko kontratua eskaini zidaten. Urtebete egon nintzen han eta Madrilgo CSIC-ra joan nintzen gero. CSIC-n lau urte inguru egon nintzen Astrofisika Molekularraren inguruan ikertzen zuen talde batean; lehenik, Astrobiologia Zentroan (INTA-CSIC) eta, gero, Madrilgo Materialen Zientzia Institutuan (CSIC). 2015ean Rutherford Appleton Laboratoryra bueltatu nintzen Lurraren behaketa egiten duten Europako Espazio Agentziaren sateliteen kalibrazioan lan egitera Koperniko programaren barruan. Laborategian kalibratzen genituen sateliteen instrumentuak eta, gero, sateliteak orbitan daudenean bidalitako datuak kalibratu eta egiaztatzen genituen. Oraindik ere astrofisikaren inguruan ikertzen dut, baina gutxiago.

-JAXA, Harvard... zure curriculumean agertzen diren izenak handiak dira. Nola heldu daiteke horra?

Ba ez dakit, uste dut aurkeztu ahal zaizkizun aukerei irekita egon behar duzula eta ez dituzula hauek pasatzen utzi behar. Nik ez nuen JAXA edo Harvardera joatea bilatu, baina nire bidean gurutzatu ziren. Norberari gustatzen zaiona egitea da garrantzitsuena. Gustatzen zaizuna egiten baduzu, oso ondo egingo duzu, ziur.

-Zaila da Euskal Herrian edo Espainian astrofisika arloan lan egitea?

Oso zaila da lan egitea, eta astrofisikan ere. Azken urteotan jaitsi egin da doktoretza eta doktoratu osteko beken kopurua. Murriztu egin da ikerkuntza proiektuen inbertsioa eta Espainiako erakunde publikoetan ikerkuntzan jarduteko tokia lortzea ia ezinezkoa da.

-Grabitazio-uhinen detekzioaren berri eman zen orain dela hilabete eta erdi. Zer ekarri du aurkikuntza honek astrofisikarentzat?

Asko! Azken mendeko aurkikuntza garrantzitsuena dela aipatzen da. Zulo beltzen edota neutroi izarren talkek eragindako gertakari biolentoek sortzen dituzte grabitazio-uhinak. Grabitazio-uhinek zulo beltzak entenditzeko, izarren bizitza-zikloa ezagutzeko eta unibertsoaren jatorria ulertzeko balio izatea espero da.

-Zure espezialitatean edo lan egiten duzun eremuan ere eragina izango du aurkikuntza honek?

Einsteinek orain dela ehun urte aurreikusi zituen grabitazio-uhinak, baina orain daukagu uhin hauek detektatzeko behar den teknologia zehatza. LIGO interferometroa erabili da aurkikuntza hau egiteko, eta tresna honek bi ispiluren arteko distantzia oso modu zehatzean neurtzen du laser baten bitartez. Rutherford Appleton Laboratoryk diseinatu, garatu eta ekoiztu zituen grabitazio-uhinen igarotzeak eragiten dituen efektu ahulak, baita Lurraren dardara eta mugimendu sismikoak bereiztu ahal izateko egonkortasuna eskaintzen dituzten suspentsioak ere. Horregatik, guretzat oso garrantzitsua izan da fisikako Nobel saria LIGO Proiektuari eman izana, Rutherford Appleton Laboratoryk bere harri-koskorra jarri duelako hor.

-Ingalaterran bizi zara eta bisita azkarra egingo diozu zure herriari Bakailaoaren Kofradiaren eskutik omenaldia jasotzeko. Zer esan nahi du zuretzat?

Kanpoan bizi izanik nitaz akordatzea ohorea handia da.

-Eskaintzen duenarekin bat datorren tratua jasotzen du zientziak?

Espainian behintzat ez. Zientzia funtsezkoa da gure gizartearen garapen teknologikorako. Hala ere, Europar Batasunean ikerketa eta garapenean (I+G) krisia iritsi aurretik baino gehiago inbertitzen den bitartean, Espainian maldan behera doa I+G inbertsioa. Espainiako zientzia ez da abian jartzen eta atzean geratzen ari da berrikuntzaren arloan.