Nerea Blasco, zumba irakaslea: "Edozeinek dantzan egiteko koreografiak egingo ditugu"

Nerea Blasco, zumba irakaslea: "Edozeinek dantzan egiteko koreografiak egingo ditugu"
2015/05/07 eta kitto!

- Nolatan bururatu zaizu zumba maratoi solidarioa antolatzea?
Nere ahizpak Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioan egiten du beharra eta, diru premian daudenez, eurei laguntzeko zerbait egitea pentsatu nuen eta horrela bururatu zitzaidan zumba maratoi solidarioarena. Izan ere, federazioa diru-laguntzen menpe egon da beti eta, horiek gero eta urriagoak direnez, azken aldi honetan diru kontuekin benetan larri dabiltza.

-  Aurretik ere zumba kontuetan arituko zinen, ezta?
Bai, nik Madrilen ikasi nuen ZIN (Zumba Instructor Network) titulua eskuratzeko eta gaur egun horretan egiten dut beharra, gimnasioetan zumba eta horrelakoen inguruko klaseak ematen.

- Azken urteotan gero eta gehiago entzuten da "zumba" berba, baina zer da?
Aerobic eta erritmo latindarren arteko nahasketa modukoa da, aerobic-ean ordubete ematen duzu koreografia bakarrarekin eta zumban, berriz, aldatzen joaten zara.

- Nolakoa izango da biharko "zumbathoia"?
Ordu bi iraungo duen jaialdia izatea nahi dugu, ariketa fisikoa egitea baino, jendeak ondo pasatzea da asmoa. Azken batean, besteren bati laguntzeko dirua modu dibertigarrian emateko aukera emango dio jendeari. Koreografiak oso errazak eta sinpleak izango dira, edozeinek dantzan egiteko modukoak eta saioa gidatzen beste sei irakaslek (Lide Agirre, Ainhoa Bergara, Marina Crucelaegui, Nerea Lodosa, Iratxe Nuñez eta Mamen Palacin-ek) lagunduko didate. Ekitaldia girotzen DJ Jon-ek jardungo du. Horiekin batera, Alzolako Urak-ek parte hartzen dutenentzat ur botila mordoa oparitu dizkigu eta Felipe Zamakola kirol patronatoko zuzendariak ere laguntza handia eman digu. Sarrerak 6 euro balio du (10 urtetik beherakoek ez dute ordainduko) eta parte hartzen dutenek sarrerarekin batera Vicente Berrizbeitia enpresak finantziatu duen ekitaldiaren pultsera jasoko dute eta, gainera, ekitaldiaren amaieran herriko enpresa kolaboratzaileek oparitutako produktuen zozketetan parte hartzeko zenbakia ere emango zaie. Sarrerak kiroldegiko takillan egongo dira salgai.