Nuria eta Sofia, musikariak: “Kontzertuekin dirua lortuz gero, maketa grabatu nahi dugu”

Nuria eta Sofia, musikariak: “Kontzertuekin dirua lortuz gero, maketa grabatu nahi dugu”
2015/03/06 eta kitto!

- Nola bururatu zitzaizuen taldea sortzea?
Lagun minak izan gara beti eta musika kontuetan ibili gara biok. Musika Eskolan ere elkarrekin ibili gara eta, azkenean, elkarrekin abesten hasi ginen.

- Afizio moduan planteatzen duzue ala badago profesionalki dedikatzeko asmoa?
Afizio moduan egiten dugu, badakigulako musikatik bizitzea oso zaila dela. Horregatik, gure asmoa bideoak grabatzea da, Youtube kanala sortu eta bertara igotzeko. Tabernetan jotzen ere ahaleginduko gara, ordubeteko kontzertuak egin nahi ditugu. Eta, dirua lortuz gero, maketa bat grabatzea pentsatu dugu. Baina beti hobby moduan.

- Zuek sortutako abestiak ala besteenak eskaintzen dituzue?
Momentuz besteen abestiak jotzen ditugu, baina gure asmoa abesti propioak sortzea da, nahiz eta oso zaila izan.

- Jotzeko tokirik badaukazue?
Entsegu tokia bata edo bestearen etxea dira, edota Musika Eskola. Ez daukagu entsegu lokalik.

- Eta astean zenbaten egiten dituzue entseguak?
Ez daukagu ordu kopuru zehatzik. Denbora daukagunean elkartzen gara. Lagun minak izanik, edozein une egokia da. Baita klasekoa ikasteko elkartzen garenean ere, azkenean pianora jotzen dugu (barreak).

- Noiztik zabiltzate musikan?
Betidanik! Txiki-txikitatik gabiltza musika kontuetan. Nik (Sofia) alboko flauta jotzen nuen eta, denborak aurrera egin ahala, Eibarko Koro Gaztean hasi nintzen, baita Musika Eskolako talde batean ere. Nuriak pianoa jotzen du txikitatik eta orain gitarrarekin hasi da, kontzertuak entretenigarriagoak izan daitezen.

- Zer diote honi buruz gurasoek eta lagunek?
Gurasoak oso pozik daude. Haiek ere musika zaleak dira. Gure adina zutenean kontzertuak ematen zituzten eta oraindik euren taldeekin jarraitzen dute biek, bai nire aitak bai Sofiarenak. Nire anaiak ere talde batekin jardun zuen unibertsitatean hasi baino lehen. Eta lagunen aldetik, pentsa! Daukagun audio grabaketa lokalean jarri genuenean harrituta gelditu ziren. Artista batzuk garela diote!