Teresa Agirreazaldegi, kazetaritzako doktorea: “Hemen adierazpen askatasuna batzuek bakarrik daukate”

Teresa Agirreazaldegi, kazetaritzako doktorea: “Hemen adierazpen askatasuna batzuek bakarrik daukate”
2018/03/02 10:10 eta kitto!
Euskaldunon Egunkariaren itxiera dekretatu zuen Luis del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak orain dela 15 urte. 3.789 zenbaki plazaratu eta gero, epaileak umezurtz utzi zituen momentu hartan euskal unibertsoaren erreferentziazko kazetak zituen 50.000 irakurleak. 2008an, Egunkariaren epaiketaren harira, peritu-txostena eskatu zien auzipetuen defentsak Txema Ramírez de la Piscina eta Teresa Agirreazaldegiri. Epaileak ez zuen froga onartu, baina Berriak eta Ttartalo argitaletxeak Egunkaria amets baten egia liburua argitaratu zuten eta, geroztik, unibertsitateetan erabiltzen da Euskaldunon Egunkariaren eta euskal prentsaren historia ezagutzeko.

 

-Euskaldunon Egunkariari buruzko txostena egin zenuten Txema Ramirez de la Piscinak eta zuk 2008an. Nondik abiatu zen ikerketa egiteko ideia?

Txema eta biok EHUko Komunikazioko Fakultateko irakasleak gara. Euskaldunon Egunkariaren kasuko auzipetuen defentsak peritu-txosten bat egiteko eskatu zigun; helburua peritu-txosten hori epaiketan aurkeztea zen.

-Zein izan zen zuen asmoa txosten horrekin ?

Euskaldunon Egunkariaren analisia egin genuen. Horretarako, kazetaren kalitate-adierazleak jaso genituen lehendabizi: irakurleen bilakaera, haren ekarpena eta lortu zuen onarpen akademikoa, euskal idazleen kolaborazioak, sariak eta langileen kualifikazioa, besteak beste. Bestalde, kazeta bera aztertu genuen, hau da, plazaratutako 3.789 zenbakiak, eta baita zoriz hautatutako 50 azal eta 100 albiste ere, berrietako protagonistak eta albisteen esparru geografikoa zeintzuk ziren jakiteko.

-Zeintzuk izan ziren ikerketa horretatik atera zenituzten ondorio nagusiak?

Euskaldunon Egunkariak kazeta modernoa zela erakutsi zuen iraun zuen 12 urteetan, kioskoetan zeuden gainerakoen parekoa. Langile-talde kualifikatua zuen, eta erreferentziazko kazeta zen euskal unibertsoan, onarpen zabala lortu zuen eta itxi zutenean 50.000 irakurle zituen. Joera euskaltzale eta aurrerakoia zuen, eta egokiro hurbildu zen Euskal Herriko errealitate politiko, instituzional, sozial eta informatibora. Askotariko informazio-iturriak erabiltzen zituen, mota askotako iritzi, analisi eta informazioak plazaratzen zituen, eta, elkarrizketatuei zegokienez ere, aniztasuna zegoen. Euskal kulturaren lekuko eta eragile izan zen. Halaber, euskal kazetaritzaren historian mugarria izan zen, eta bere testuak langaiak izan ziren irakaskuntzako maila guztietan.

-Txostena amaitu eta gero, zer erabilera izan du?

Esan dudan bezala, txosten perizial bat osatu genuen, epaiketan defentsak hala eskatuta aurkeztuko genuena. Zoritxarrez, epaileak ez zuen onartu froga hori, eta kaxoi batean geratu zen 2010era arte. Orduan, Berriak eta Ttartalo argitaletxeak Egunkaria amets baten egia liburua argitaratu zuten, eta hor gure txostena eta Pedro Ibarra eta Ramon Zallo irakasleen txosten periziala plazaratu ziren. Geroztik, liburu hori unibertsitateetan erabiltzen da Euskaldunon Egunkariaren eta euskal prentsaren historia ezagutzeko.

-Kazetaritzari erreparatuz, nolako egunkaria zen Egunkaria?

Lehen esan dudan bezala, kazeta modernoa zen. Euskal Herritik aztertzen zuen mundua, gai guztiak landuz eta euskal kulturan arreta berezia jarriz. Elkarrizketak oso landuak zituen, eta, azterketa egitean, niri gehien harritu ninduena izan zen iritzi-zutabeetan eta elkarrizketetan zenbat ahots desberdin jaso zituen. Egun, Berriari buruzko ikerketek ere hori azpimarratzen dute: gure kioskoetara heltzen den egunkari pluralena dela.

-Zer esanahi zuen zuen Euskaldunon Egunkariak euskal gizartearentzat?

Ilusio handiko ekimena izan zen, askoren laguntzarekin eta ekarpenekin sortu zena (orduko akzio bat gordeta daukat, beste lankide batek eta biok hogeita bost mila pezeta ordaindu genuen). Euskal komunitatea ehuntzeko tresna bat izan zen, eta harrotasuna eman zigun. Euskal kazetaritzak bikain gainditu zuen erronka.

-Eta itxierak zer eragin izan zuen?

Suntsipena izan zen; amorrua eragin zigun, eta tristura: kazeta zigilatuta, 180 langile kalean geratu ziren; euskal kulturan erreferenteak ziren pertsonak, atxilotuak, eta, gero jakin genuen bezala, torturatuak. Langileen kemena ere ikusi genuen; hurrengo egunetik Egunero kazeta kalean jarri zuten. Donostiako manifestazio erraldoia etorri zen gero; eta ekainean Berria egunkaria kalean zegoen.

-Berriak Egunkariaren bideari jarraitu dio, baina zer ezin izan da berreskuratu? Zer geratu zen bertan behera betirako itxiera hartan?

Xalotasuna galdu dugu. Lehenago, 1998an, Egin egunkaria, bere taldeko irratia eta Ardi Beltza aldizkaria itxi zituzten. Baina Euskaldunon Egunkariaren itxierarekin ikusi genuen euskararekin zerikusia daukan edozein eta edozer egon daitekeela jomugan. Sumarioa guztiz zentzugabea izan zen, inongo frogarik gabeko fantasiazko akusazioak ziren, eta lehenengo momentutik hartutako neurriak zuzenbideko balioetatik kanpo zeuden.

2010ean plazaratutako epaian, Egunkaria ixteko eta hamar lagun atxilotzeko neurriak inolako oinarririk gabekoak zirela esaten zen. Baina inork ez du azalpenik eman, inork ez du barkamenik eskatu, inor ez da saiatu kalteak erreparatzen. Gaur egun dagoen inpunitatea erakutsi digu prozesu guztiak.

-15 urte pasatu dira, baina ETB1en Egunkariaren inguruan eman zuten dokumentalean ez ziren hitz itxaropentsuak entzun euskal kazetaritzaren etorkizunaren inguruan. Egoera larrian dago?

Egunkariak krisian daude aspalditik: publizitate bidezko finantzaketa amildu egin da, paperezko periodikoak gero eta gutxiago erosten dira, eta egunkari digitalek ez dute oraindik aurkitu beren eredu ekonomikoa; hori dela eta, sektorean lanpostu asko galdu dira. Enpresa handietan hori horrela izanda, pentsa nolakoa izango den egoera kazeta txikietan. Eta oraindik gehiago Berriaren kasuan, zeinaren unibertso potentziala oso mugatua den. Bestalde, administrazioek euskal kazetaren inguruan politika lausoak dituzte, eta kazetaren ekarpena ez dute behar bezala baloratzen eta laguntzen.

Beste alde batetik, baina, esan behar dugu edizio digitalak Berriari inoiz izan duen irakurle kopuru handiena eman diola. Irakurle horien atxikimendua jasotzeko, BERRIAlaguna kanpainari ekin diote. Euskaldunok eta euskaltzaleok serio hartu beharko genuke Argia aldizkariaren leloa: indartu dezagun indartzen gaituena.

-15 urteren ondoren, nola dago Espainian adierazpen askatasuna?

Oso gaizki: egun hauetan bertan rapero bat kartzelan sartzeko agindu dute bere abestien hitzengatik; artista baten koadroa kendu berri dute ARCO arte garaikideko azokatik; sare sozialetako ahoz kritikoek pertsekuzioa jasaten dute… Zoritxarrez, ez dira albiste berriak Euskal Herrian. Duela hainbat hilabete izugarrizko kanpaina mediatikoa antolatu zuten euskal artista batzuen kontra, ETBko umorezko saio batean, euskaraz eta ordu txikitan, egindako adierazpenen harira. Ematen du behatoki bat dutela halakoak jasotzeko eta lantalde batek erabakitzen duela holakoak nola erabili. Orduan, puxika moduan puztu zuten gaia, eta ikusi genuen emaitza zein izan zen: lehendakariaren adierazpenak, EITBko zuzendariak programa saretik kendu zuen, boikoterako deiak... Garbi dago: hemen adierazpen askatasuna batzuek bakarrik daukate!