Trio Medianoche: “Oso pozik gaude diskoaren grabaketaren emaitzarekin”

Trio Medianoche: “Oso pozik gaude diskoaren grabaketaren emaitzarekin”
2014/12/15 eta kitto!

- Nolakoa da Legarren grabatu duzuen diskoa?
Eibarren aspalditik hain ezaguna eta preziatua den hegoamerikar musika eskaintzen dugu: boleroak, Peruko balsak... Guztira 10 abesti grabatu ditugu Los Panchos, Los Tres Reyes, Luis Alberto de Paraná eta Los Paraguayos-en kanten bertsioekin. Gainera, Joan Manuel Serraten abesti batean oinarritutako bolero bat egin dugu; amaituta daukagu jadanik eta poz handia hartu dugu entzun dugunean, primeran gelditu zaigu. Alor teknikoan, Walter Tuzzeoren laguntza ezinbestekoa izan da. Siziliakoa da Walter eta jadanik gure taldeko partaidea da: aktuazioetan laguntzen digu eta grabazio-lanean sekulako lana egin du.

- Eibartar bi eta bolibiar bat. Zenbat denbora daramazue elkarrekin? Nola ikusten duzue etorkizuna?
(Jesus Bastida): Kasualitatez ezagutu genuen elkar, bakoitza bere aldetik zebilen. Urte eta erdi daramagu elkarrekin lanean. Lehendabiziko pausoak eman genituenean berehala ohartu nintzen musikalki oso gauza onak egiteko gai ginela. Oso lankide onak ditut; nik asko irabazi dut eurekin.
(Bernardo Aguilera): Trio Medianoche Elkartea sortu dugu. Orain izaera juridikoa daukagu eta horri esker ate asko zabaldu zaizkigu. Lehen bakarrik tabernetan abestu ahal genuen, eta orain nahi dugun lekuetan abestu dezakegu: antzerkiak, leku publikoak... Gure arteko harremana oso ona da; horregatik etorkizunean elkarrekin gauza interesgarriak egiten jarraitzea espero dugu.

- Abenduaren 19an kontzertua emango duzue Eibarren...
Abenduaren 13an Santanderren egongo gara eta 20an Iruñako Gayarre Antzokian. 19an, ostirala, Eibarko Coliseoan izango gara. Bertaratzen diren guztiek une atsegin bat pasatuko dute gurekin; betiko errepertorioaz gain, 5 abesti berri eskainiko ditugu eta, berrikuntza bezala, Serraten abestiaren bertsioa eskainiko dugu. Cd-a salgai egongo da Coliseoan, 15 euroren truke; eta, agian, abenduaren 24an Cd-a kaleko mahai batean salgai jarriko dugu.