XABIER ORUESAGASTI: “Lehen emanaldia nahiko nahasia izan zen”

XABIER ORUESAGASTI: “Lehen emanaldia nahiko nahasia izan zen”
2012/07/13 eta kitto!

-Nola sortu zitzaizun Ustekabe fanfarreako presidente izateko aukera?
Aurretik zegoen presidenteak kargo asko zituen eta, nekatuta zegoenez, ardura hori laga zuen. Hori bai, inongo giro txar barik. Ardurak banatu behar zirela ikusi genuen, horrela txarangaren martxa eramatea errazagoa izango zelako. Orduan, taldeko gazteak animatzen hasi ginen eta gazteen artean fanfarrean denbora gehien daramana ni naizenez, nik hartu nuen presidente kargua. Nire burua aurkeztu eta gainontzekoak ados egon ziren.
-Zer moduz presidente bezala bizi dituzun lehen asteak?
Lehen emanaldia nahiko nahasia izan zen. Jendea falta zenez, dei ugari egin behar izan nituen errefortzu bila. Normalean 6 bat dei egin behar dituzu eta lehen emanaldi hortan 20 bat egin behar izan nituen jendea topatzeko. Arduratu egin nintzen, baina emanaldia ondo irten zen gero.
-Zeintzuk dira presidente moduan bete behar dituzun funtzioak?
Kontratatzen gaituztenean nirekin egin behar dute, prezioa negoziatzeko eta abar. Gero aurrekontuak, fakturak eta horrelakoak kudeatu behar ditut. Gero, presidenteordea eta biok beste kideekin kontaktuan jartzen gara entseiu eta emanaldietarako. Dena koordinatzea da ardura.
-Noiztik zara Ustekabeko kide?
Nahiko gazte hasi nintzen, 2007-2008 urtea. Eibarko Danborradan egin nuen lehen saioa. 11-12 urte nituen txarangan hasi nintzenean.
-Eta aurretik non aritu zinen?
Musika Eskolan ibili nintzen txikitan, baita hango bandan. Nire aitxitxa Musika Eskolako atezaina izan zen urtetan, eta Ustekabeko Ekhi Zugasti eta Josu Mendicutek ikusi egin ninduten eta hari ni txarangan sartzeko esan zioten.
-Nola daukazue agenda udara begira?
Bai, badugu hainbat emanaldi zehaztuta. Uztailaren 28an Errioxako kanping batean arituko gara, eta Astigarragan, Laudion eta beste hainbat tokitan ibiliko gara.