Errebalgo lanetan epeak ez betetzeagatik Dragados enpresarekin kontratua etetzeko erabakia hartu du udalak

Errebalgo lanetan epeak ez betetzeagatik Dragados enpresarekin kontratua etetzeko erabakia hartu du udalak
2017/12/05 eta kitto!
Gaur goizean emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, Eibarko Udalak administrazio-tramitea hasi du Dragados SA enpresarekin Errebalen erabilera anitzerako eraikina egiteko zeukan kontratua bertan behera lagatzeko, "enpresak lanak gauzatzeko epe partzialak ez betetzeagatik".
Obrak Dragados enpresari esleitu zitzaizkion 2015. urtean, 4.952.683 eurotan, eta hogeita hamar hilabeteko epean betetzeko baldintzatekin. Arcadio Benitez Hirigintza zinegotziak esan duenez, "lanak 2016ko otsailean hasi ziren eta 2018ko uztailerako amaituta egon behar zuten. Hasieratik bertatik, obrak erritmo desberdinetan joan dira egiten, eta geldirik ere egon ziren sei astetan, otsailaren erdialdetik martxoaren amaiera arte, arazoak baitzeuden Dragados enpresaren eta azpikontratetako baten artean. Kontratua sinatzean, hiru epe partzial ezarri ziren. Epe horien arabera, zimentazioa eta euste-hormak 2016ko 31rako bukatuta egon behar ziren. Bai eta hormigoizko egitura eta plazaren estalkiaren egitura metalikoa ere, 2017ko abuztuaren 31rako. Eta iragazgaiztea 2018ko otsailaren 1erako bukatuta egon behar zen. Udaleko Obra Zuzendaritzak egindako txostenak, aldiz, adierazten du zimentazioa eta hormak abuztuaren 18an amaitu zirela, eta behe solairuko lauzaren hormigoiketa azaroaren 29an amaitu dela, alegia, aurreikusitakoa baino askoz ere beranduago. Gaur egungo erritmoarekin, suposatzen da hormigoizko egitura ez litzatekeela bukatuko 2018ko otsaila baino lehen".
Epeak ez betetzeaz gain, kontratua eteteko beste arrazoi batzuk ere badaudela azaldu dute: "Bestalde, Dragados enpresak ez du jakinarazi azpikontratatu duenik plazaren estalkiaren egitura metalikoaren fabrikazioa, eta, hortaz, Obra Zuzendaritzak ezin du data bat aurreikusi egitura hori amaitzeko, kontratu-orrien arabera abuztuaren 31rako amaituta egon behar zuenean. Alegia, epeak ez dira betetzen eta atzerapenak pilatzen doaz. Eta, horren ondorioz, Udalak erabaki du bi aldeek izenpetutako kontratuaren klausuletako bati heltzea eta kontratua etetea". Horren berri emateko burofaxa bidali diote Dragados enpresari eta, alegaziorik ez badago, hilaren 15ean lanak beste enpresa bati esleitzeko prozesua hasteko moduan izango lirateke. Bestela, alegazioek pauso hori atzeratuko lukete. Edozein moduta ere, lanak aurreikusitakoa baino beranduago amaitu arren, "kontratatuta zegoenari eutsi eta kalitatezko instalazioak bermatze aldera" hartutako erabakia izan dela azaldu dute.

EAJ-PNVren kritika
Erabakiaren inguruan Eibarko EAJ-PNVk egiten duen irakurketa oso bestelakoa da. Josu Mendicute udaleko talde jeltzalearen bozeramaileak salatu duenez, "Errebalen zeuden arazoak behin eta berriz estaltzen ahalegindu dira". Horrekin batera, Mendicuteren berbetan, "ni alkatea banintz eta hamar urteko tartean birritan horrelako hankasartze larria egin izan banu, dimititu egingo nuke". Lanen atzerapena dela eta, horren ondorioak jasan beharko dituztenei barkamena eskatu beharko litzaiekeela gaineratu du.