Euskal Herriko Itzuliko etapek herriko trafikoan aldaketak eragingo dituzte gaur eta bihar

Euskal Herriko Itzuliko etapek herriko trafikoan aldaketak eragingo dituzte gaur eta bihar
2017/04/07 12:18
eta kitto!
Euskal Herriko Itzuliko gaurko eta biharko etapek hainbat aldaketa eragingo dituzte trafikoan. Gaur 5. etapa jokatuko da Arraten eta hainbat lekutan aparkatzea debekatuko da: Arrate Bide kalean ez da aparkatzerik izango; Azitaingo industrialdean ere debekatuta egongo da arratsaldean, taldeen autobusak aparkatu behar dituztelako; eta 18:00etatik aurrera Torrekua eta Otaolako aparkalekuak libre utziko dira. Arratera igotzeko errepidea 15:00ak inguruan itxi egingo dute. Lasterketa hiru aldiz igaroko da Eibartik. Lehenengo aldiz, 15:30ak inguruan, Azitainetik sartuko da, herrigunetik Ixua aldera, Legarre eta Arrate Bidetik abiatuko da. Bigarrenean, 16:40an, Ermutik; Ixuarantz abiatuko dira Barrenengua, Legarre eta Arrate Bidetik. Hirugarrenean, 17:20an, Azitainetik, saihesbidetik Arrateko helmugarantz; Matsariako industrialdean sartuko dira eta pistatik igoko dira Usartzara.

Zapatuan azken etapa

Bihar, berriz, azken etapa jokatuko da. Hori dela eta, Eibarko kale asko trafikorako itxi egingo dira erlojupekoak irauten duen bitartean. 27 kilometroko erlojupekoa izango da eta hau da ibilbidea: Eibar, irteera futbol zelaiaren atzeko aldetik, Elgeta, Ubera, Bergara, Osintxu saihesbidetik, Soraluze saihesbidetik, Maltzaga, Eibarren sartu eta Barrena-Karmen-Bidebarrieta-Plaza Barria-Calbetonetik helmugara, Untzagara. Hori dela eta, erdigunea 08:00etan egingo da oinezkoentzat (Zuloagatarren eta Julian Etxebarria kaleak barne) eta ibilgailuak ordu horretarako kendu beharko dira. Asteburuko autobus geltokiaren tokia, taxien parean dagoena, libre egongo da. Jarraian, oinezkoentzat toki guztia libre utziko da. Toribio Etxebarria kalea ez da irekiko. Halaber, 11:00etan Sallabenteko errotondatik sarbidea itxiko da eta Ermutik saihesbidetik sartu beharko da. Ekipoen ibilgailuek Otaola eta Torrekua hartuko dituzte. Ordu horretan, 11:00etan, Bilborako irteera Tiburzio Anitua kaletik egingo da, eta kale horretako 8 eta 20 zenbakien artean lerroan aparkatuko dira autoak. Errotondatik Amañarako sarbidean eta sartzeko Plazoletan bidea itxi eta norabidea markatzeko kartelak jarriko dira, autobusak eta autoak igarotzea errazteko. Gainera, futbol zelaiko tokia, (tribuna berriaren atzealdea, bulegoak, Elegetako errepidearen igoera eta polikiroldegiaren atzealdeko aparkalekua) 11:00etatik aurrera libre utzi beharko da.

Lasterketa jokatzen den bitartean trafikoarentzat itxita egongo diren kaleak, 13:00etatik aurrera, honako hauek dira: Torrekua, Otaola, Isasi, Azitain, Barrena, Karmen, Urkizu, Bidebarrieta, San Agustín, Zuloagatarren, Txonta, Eguzki-Begi, Iparraguirre, Sautxi, Murrategi, Azitaingo Poligonoa, Zezen-bide, Makazkua, Calbeton eta Untzaga. Trafiko aldaketak ikusteko mapa duzu HEMEN.