Foballeko izarren kamisetak Amañako Jaien alde

Foballeko izarren kamisetak Amañako Jaien alde
2017/09/15 eta kitto!
Amañako Jaiek 40 urte beteko dituzte datorren urtean. Data borobila, baina arriskuan dagoena. Izan ere, Amañako Jaien Batzordeak 40.000 euro inguruko zorra dauka SGAErekin (Egile eta Argitaratzaileen Elkarte Orokorra), jaiak aurrera eramatea zalantzatan uzten duen zama. Zorra ordaindu eta herriko festa garrantzitsu hauek ospatzen jarraitzeko asmoz, Maite Markuerkiagak ekimen bat jarri du martxan: foballeko jokalari famatuen kamiseten zozketa.

 

Cristiano Ronaldo, Antoine Griezmann, Markel Susaeta, Xabi Alonso, Marco Verratti, Takashi Inui eta beste hainbat foballariren kamisetak eskuratzeko aukera egongo da bihartik aurrera, irailak 16. Elkarrizketa egin zen egunean (irailaren 7an) 171 sari zituen batuta Markuerkiagak, “baina zozketa hasten denerako180 lortzea espero dugu”. Sari gehienak foballarien kamisetak dira, “euretako gehienak sinatutakoak”, baina baloiak, jertseak eta bestelako kirol-materiala ere zozketatuko da.

Zozketari hasiera emateko 70 maniki jarriko dira Untzagan, “harmailak dauden aldean”, eta jokalari baten kamiseta eramango du saritu bakoitzak. Hortik aurrera Untzagako jubilatu etxeak kamiseten erakusketa jasoko du azaroaren 19ra arte (barixakuetan 19:30-21:30, eta zapatu eta domeketan 10:00-14:00) eta 30ean, San Andres egunean, zozketa egingo da notarioaren aurrean.

Sariak lortzeko erosi behar diren txartelek 2,5 euro balio dute, “eta bi zenbaki jasoko ditu bakoitzak”. Txartelak Koxkor, Kultu, Kontent eta Ongi Etorri tabernetan salduko dira, eta 16.000 txartel saldu beharko dira 40.000 euroko zorra ordaindu ahal izateko. “SGAEri 30.000 euro inguru zor zaizkio, baina gero Ogasunarekin zerga kitatu behar da, abokatuari ordaindu behar zaio eta antolakuntza gastuak ere kontuan hartu behar dira”, azaldu zigun Markuerkiagak, “eta dirua soberan badago, Amañako Jai Batzordeari emango diogu”.

Jose Antonio Alberdi ‘Goma’ oso lagun dudalako eta Amañako Jaiek aurrera egin dezatela gustatuko litzaidakeelako” jarri du martxan ekimen hau Markuerkiagak, SGAEren aurkako ezer ez dela argi utziz. Orain dela urtebete hasi zen ekimenarekin eta eskerrak eman nahi dizkie kamisetak lortzen lagundu dioten guztiei, “asko izan dira-eta”. Markuerkiaga pozik dago ekimenak foballari eta kirolarien artean izan duen harrerarekin, eta espero du eibartarrek ere berdin hartzea.

 

Susaeta, Alonso eta Cristiano

Markel Susaetaren kamiseta izan zen lortu zuen lehena, “familiakoa da-eta”, eta foballari eibartarrak beste bost lortu zituen. “Jon Errasti ere lehen minututik egon da laguntzeko prest, eta Raul Navas bikain portatu da, pertsona zoragarria da”. Eibarren bizi bada ere, ondarroarra da Markuerkiaga eta bere herrikide Iñigo Martinezen kamiseta lortzea ez zitzaion asko kostatu, “eta Illarramendi mutrikuarra ere hasieratik egon da laguntzeko prest”.

Juan Luis Mardarasek paper garrantzitsua izan du ekimenean. “Euskal Selekzioaren kamiseta berehala lortu zuen eta, Periko Alonsoren laguna izanik, Xabi Alonso bere semearena lortzeko eskatu nion”. Esan eta egin. “Gainera, Munichera joan eta, kasualitatez, aireportuan Periko eta emaztearekin egin nuen topo. Xabi etortzekoa zela esan zidaten eta baloi bi erosi nituen berak sinatzeko”. Baloi horiek ere zozketan egongo dira.

Alonsoren taldekide izandako Cristiano Ronaldoren kamiseta ere zozketaren barruan egongo da. “Ramon Agirregomezkorta Real Madrileko zuzendaritzako kide baten ezaguna da eta faborea eskatu nion... eta Real Madrilekoek sinatutako bi baloi ere lortu zituen!”.

 

Han eta hemengo kamisetak

Azti portugaldarra, hala ere, ez da izango mundu mailako izar bakarra Untzagan, Paris Saint Germaineko Marco Verratti eta Atletico Madrileko Fernando Torres eta Antoine Griezmannek ere bere kamisetak utzi dituztelako Amañako Jaien mesedetan. “Griezmannen kamiseta Jose Eulogio Garate eibartarraren arrebaren bitartez lortu dut eta Torresena Madrilgo lagun baten bitartez”. Horrez gain, Alaves (UEFAko finaleko kamiseta), Paraguai (Justo Villar atezainarena), Betis (bi kamiseta), Benfica (Bebé), Glasgowko Celtic (Donelly, Boerrigter eta Boyaka), Vigoko Celta (Marcelo Díaz), Chelsea, A Coruñako Deportivo (Lucas Pérez), Getafe, Granada, Leganés, Las Palmas, Leeds, Málaga, Sevilla (Cicinho, Mariano eta Ganso), Valentzia (Barragán, Roberto, Rodrigo, Siqueira eta Danilo), Vila-real (Cani), Alanyaspor eta Wigan Athletic (Bramble) taldeen kamisetak ere zozketatuko dira, besteak beste.

Mandiola Lagunartearen kide, Eibar K.E.-ko kideekin eta bertatik pasatu direnekin harremana dauka Markuerkiagak. “Takashi Inuiren Japoniako selekzioaren kamiseta lortu dut; Eibarren ibilitako Josip Radosevicek Red Bull Salzburgen kamiseta utzi zizkidan Salzburgeko jatetxe batean eta, aukera aprobetxatuz, San Agustin elizako apaizari oparia utzi zion, bertara asko joaten zelako eta laguna duelako; Lillok Sportingeko kamiseta eman digu; Txema Añibarrok bere botak; oso jatorra den David Mainzek Herculeseko kamiseta laga digu...”, eta Eibar KE-ko gizonezko zein emakumezkoen taldeetako 30 kamiseta inguru ere egongo dira zozketan. “Manix, Mendilibar eta Zapiko oso ondo portatu dira gurekin”, aitortzen du Markuerkiagak.

Eibartik kanpo jokatzen duten foballariek ere ekarpena egin dute, eta Nestor Susaeta (Real Oviedoren kamiseta), Iñigo Ruiz de Galarreta (Real Zaragozaren kamiseta), aurretik aipatutako Jon Errasti (La Speziaren kamiseta), Iván Vila (Real Ávila), Edu Agirrebeña (Osasuna B) eta beste hainbatek ere euren kamiseta utzi dute zozketarako.

Bitxitasun moduan, desagertutako Arrate eskubaloi taldeko kamiseta bat ere zozketatuko da. Izan ere, beraz, Jose Antonio Alberdi ‘Goma’ eskubaloi taldeko delegatua izan zela urte askoan.

Urki eta Eibartarrak foball taldeek; Eskozia La Brava, Mandiola eta Eibar Gasteiz lagunarteek; Eibar Rugby Taldeak; Euskadiko Errugbi Selekzioak; Aitziber Urkiola eta Ibon Romero triatloilariek; Mikel Zabala eskubaloi jokalariak; Odei Jainaga atletak; eta Ander Romarate eta Markel Alberdi igerilariek ere ekarpena egin dute, Markuerkiagak aipatu bezala, Eibarko zein mundu osoko kirolarien konpromiso eta eskuzabaltasuna erakutsiz.