Enpresek badute harrobia Eibarren

Enpresek badute harrobia Eibarren
2012/02/24 eta kitto!

Historikoki herri ekintzailea izan da Eibar eta horren adibide dira urteetan zehar herriaren paisaia osatu duten tailerrak. Inoiz ez dira falta izan aurrera egiteko ideia berriak, eta azken urteotan egiten ari den lanari jaramon eginez gero, badirudi joerak horrela jarraituko duela.
Ekintzaileen agerpena sustatzeko hainbat programa martxan jarri dituzte ikastetxeek azken aldian. Ikasketak enpresa mundura hurbildu dituzte, ikasleei ‘mundu erreala’ zer den irakatsi die, bertan mugitzen lagundu die fikziozko enpresekin, eta horietariko hainbat proiektu aurrera egin eta gauzatu egin dira errealitate bihurtuz. Ikasleek, bere aldetik, guzti horri erantzuteko gaitasun eta interesa erakutsi dute, eta harrobia handitzen doan seinaleak nabari dira krisia denon ahotan badago ere.



EJE, UrratsBat, …
Orain dela 3 aste EJE Azoka (Empresa Joven Educativa) jaso zuen Untzaga Plazak. Bertan, Euskadi osotik etorritako 300 gazte inguruk eskoletan sortutako kooperatibak erakutsi zizkioten herriari. Normalean hiriburuetan antolatzen den azoka izaten da EJE, baina Armeria Eskolaren mendeurrena dela-eta hemen egin zen.
Armeria Eskolako bi eta Uni Eibar-Ermuako beste batek hartu zuten parte ekimenean, eta hotzari aurre eginez euren produktu eta lanak jarri zituzten publiko eta beste kideen eskuetan.
UrratsBat programak, bere aldetik, proiektu ugari sustatu ditu azken urteotan, eta horietariko asko errealitate bihurtu eta bere martxa egiten dihardute gaur egun lan munduan. Urtero proiektu berriak ipintzen dira martxan, eta denek aurrera egin ezin badute ere, horietariko batzuek bere bidea egiten dute programatik at.
Aktibitate eta dinamika honek erakusten du, beraz, herriko enpresek badutela harrobia, baina ez hori bakarrik, baita konpententzia ere. Gazteak daude enpresa eta proiektu berri horien buru. Gazteak, baina aski prestatuak.