Funk Off!, musika on

Funk Off!, musika on
2012/03/22 00:00
eta kitto!

Horrela erantzuten die Funk Off! ekimeneko bultzatzaileek eibartarron dantzarako gaitasunaren gaineko galderari: “jendea ‘Ai se eu te pego’ dantzatzeko gai bada, zergatik ez funkya edo musika beltza? Errazagoa da, ez dauka koreografiarik, eta musika sentitu eta disfrutatzearekin nahiko da”. Aukera, beraz, luzatuta dago.
Dantzarako gaitasun hori erakusteko, Koxkor tabernan ‘Get down to the Soul Room’ izeneko festa egingo da hilaren 31ean 00.00etatik aurrera. Erabat doan eta edonorentzako irekia (“batez ere gauean entzun daitekeen musikaz aspertuta dagoen jendearentzat”). House musikaz gain, disko, funk eta rock dantzagarria egongo da entzungai, sorpresa, argazkilari eta beste hainbat kontu gehiagorekin batera.

Zergatik sortu Funk Off!?
Proiektu, “edo enbajada”, honetan dabiltzan kideek gauza bera zuten amankomunean, “Eibarko musika, ordu batzutatik aurrera batez ere, ez zaigula asko gustatzen, errepikakorra eta barietate gutxikoa dela eta hautatzeko aukera gehiegirik ez dagoela pentsatzen dugula”. Hortaz berbetan, ideia “handitzen eta handitzen” joan zen eta Funk Off! sortu zuten. “Gainera, taldekoei asko gustatzen zaigu bidaiatzea eta antzeko ekimen asko ikusi ditugu, gu baino elektronikoak (Londresen, adibidez), baina inspirazio bezala balio digutenak”. Hala ere, ez da Londresera joan beharrik, eurek azaltzen dutenez Bergara eta Durango bezalako herrietan ere egin direlako antzeko saiakerak, “baina gehienak musika elektronikora bideratuta daude”.



Estilo-sorta zabaldu
Funk Off!-ek eskaini nahi duena da gau-giroan dauden aukeretatik desmarkatzea eta estilo-sorta zabaltzea. “Eibarren badago parranda, ordu txikietaraino gainera, baina musika oso homogeneoa eta errepikakorra dela”. Barietate gehiago behar dela iristen diote, “pixka bat arriskatzea”. Oinarri bat daukate, “2.000. hamarkadako soul-house edo funky-house musika alai eta dantzagarria, baina hortik kanpo estilo guztiak ukituko ditugu”. Horrela, lehen festa honek ‘Get down to the Soul Room’ izenburua badarama ere, “hurrengoa beste estilo batekoa izan daiteke”.
Momentuz Koxkor tabernakoa izango da aurreikusten duten saio bakarra, “baina ondo irtetzen bada, badauzkagu ideia batzuk buruan”. Era berean, jendea euren Facebookeko orrialdean sartzeko gonbidatzen dute (www.facebook.com/FunkOffcrew), festei buruzko informazioa jaso eta sarea euren gustoko musikarekin betetzeko.