Kartel bat egin eta… Ameriketara!

Kartel bat egin eta… Ameriketara!
2012/03/01 00:00
eta kitto!

Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak 2012. urteko ekimenak gauzatzeari begira dihardute lanean. Ekimen horretan, besteak beste, programen kartelak diseinatzea eta hauek gazteei jakitera ematea sartzen dira, eta proposamen berezia luzatu dute hori gauzatzeko: kartel lehiaketa.
Euskal Autonomi Elkartean (EAE) bizi eta 18-30 urte bitartekoa izatea, eta lan originalak entregatzea (4 aurkeztu daitezke gehienez, programa bakoitzerako 2) dira lehiaketan parte-hartzeko baldintza bakarrak. Argazkiak, marrazkiak, collageak… sortzaileen eskuetan egongo da kartelaren disenua nola egin. Kartelaren irudia JPG formatuan bidali beharko da, 72 p.p.p.-ko bereizmenarekin eta 70 x 50 zm-ko neurrian.
Kartelaren diseinuaz gain, bestetik, kartelerako leloa ere bidali beharko dute parte-hartzaileek. Hau, hala ere, ez da irudian txertatuko, izen-emate orrian baizik, euskaraz zein gazteleraz (gazteaukera.euskadi.net webgunean aurki daiteke izen-emate orria).



Joan-etorriko bidaia
Bai Auzolandegiak, bai Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako irabazleek, Ameriketako hainbat herrialdeen arteko batera joan-etorriko bidaia-txartela lortuko dute. Lankidetza programa bat egingo den Ameriketako herrien artean egingo dute aukera irabazleek, baina eurek ez dute lankidetza programan parte-hartuko, bidaia euren kaxa egingo dutelarik. Herrialdeak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko, 2011an honakoak izan ziren lankidetza programak jaso zituztenak: Argentina, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, El Salvador, Guatemala, Haiti, Honduras, Mexiko, Paraguay, Peru eta Venezuela.
Kartelen irudiak eta izen-emate orriak honako posta elektronikoetara bidali behar dira: Auzolandegietako programen kasuan gazteria-auzolandegiak@ej-gv.es helbidera, eta Euskadiko Gazteak Lankidetzanekoak gazteria-lankidetza@ej-gv.es helbidera. Edozein zalantza argitzeko, posta elektronikoa bidali daiteke gazteaukera@gmail.com.