‘Willcommen’ Eibarrera

‘Willcommen’ Eibarrera
2012/02/16 eta kitto!

Zapatu eguerdian etorri ziren gurera ikasle alemaniarrak. 16 eta 17 urte tarteko 30 germaniar Balingenetik etorri direnak eta ‘Willcommen’ (ongi etorri alemanieraz) esan zieten eibartarrek. Ekintzaz beteriko astea zuten aurrean eta hasieratik etxean bezala sentiarazi nahi izan zien eibartarrek. Horietariko bat Irene Rekalde izan da eta bere ustetan, “oso ondo dabiltzala ikusi dut, oso esperientzia polita izaten ari dela iruditzen zait”.
Ikastetxeen elkartrukeetan gertatzen den bezala, bisitariak hemengo ikasleen etxeetan geratu dira aste guztian. Horrela, alemanek hemengo familiekin egonaldia egin eta, ahal den neurrian, hemengo bizimodu eta ohiturak ezagutzeko aukera izan dute.
Ignazio Zuloaga insitutua operazio-base bezala egonik, Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera izan dute alemaniarrek. Besteak beste, Biarritz, Baiona, Gernika, Lekeitio, Bilbo eta Donostian egon dira. Beraz, ez dute ia atsedenerako denborarik eduki, nahiz eta ez duten eguraldia lagun izan. Turismoaz gain, hala ere, euskal kulturaren gainean ikasteko aukera izan dute (astebeteko egonaldiak uzten duena behintzat).
Alemaniara hilaren 26an
Orain, alemanei agur esateko ordua iritsi da, baina institutukoek ez dute pena handirik edukiko, izan ere, otsailaren 26ra eurak joango dira Balingenera . Irene Rekaldek dioen bezala, “joateko gogo handia dut”. Seguru berdina pentsatzen dutela berarekin joango diren beste ia 30 ikasle eibartarrek.
Alemaniarrek Eibarren egin bezala, astebeteko egonaldia egingo dute institutukoek Balingenen, hango ikasleen etxeetan lo eginez eta lurralde germaniarreko hainbat toki ezagutuz. Irenek dioenez, hala ere, oraindik ez dakite zer egingo duten, ez baitakite zein programa jarraituko duten han dauden bitartean. ‘Auf wiedersehen' (agur), beraz, alemaniarrei.