40 arbola landatuko dituzte domekan Zuhaitz Egunaren harira

40 arbola landatuko dituzte domekan Zuhaitz Egunaren harira
2018/03/15 eta kitto!
Udaleko ingurumen sailak, Klub Deportiboaren Mendi Taldearekin eta Debegesarekin batera, Zuhaitz Eguna antolatu du domekarako. Antolatzaileek diotenez, “helburua herritarrak ingurumenarekin kontzientzia hartzea eta, horrekin batera, gure basoen iraunkortasuna ziurtatzea da”. Hori dela eta, domekan bertako 40 zuhaitz (lizarrak, gorostiak, haritzak eta urkiak) landatuko dira Eztiagan, Iturburu Ikastolaren parean dagoen udalaren lur-sail batean. Goizeko 10:30ean hasiko dira arbolak landatzen, baina lanean hasi aurretik tailer labur bat egingo dute, joandakoeri landatuko dituzten zuhaitzen ezaugarri nagusien berri eman eta behar den moduan landatzeko azalpenak emateko. Umeek zein helduek, nahi dutenek izango dute Zuhaitz Egunean parte hartzeko aukera. Taldean igotzea nahi izanez gero, Klub Deportiboaren parean batuko dira, 09:30ean eta, bestela, zuzenean joan daiteke Iturburu parera. Zuhaitzak landatu eta jarraian, mokadutxo bat janda agurtuko dute ekitaldia, Eibarrera bueltatu aurretik.
Ekimenaren arduradunek zuhaitzek gure bizitza kalitatean daukaten eragina azpimarratu nahi dute, “izan ere, biodibertsitateari eusteko, atmosferako karbono-dioxidoa xurgatzeko, lur-jausietatik eta uholdeetatik babesteko eta paisajeari bere horretan eusteko derrigorrezkoak dira zuhaitzak”.