Gaur ekin diote gripearen kontrako txertaketa kanpainiari

Gaur ekin diote gripearen kontrako txertaketa kanpainiari
2012/09/17 eta kitto!

Barixakuan aurkeztu zuten gripearen kontrako txertaketa kanpainia Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburuak, Itziar Astigarraga Txertaketen Euskadiko Aholku Batzordearen presidenteak eta Enrique Peiró Osasun Publikoko Programen koordinatzaileak. Gripea hementxe dago. Txertoa jarri lelopean Eusko Jaurlaritzak egingo duen txertaketa-kanpaina gaur (astelehena, irailak 17) abiatu eta urriraren 31n amaituko da eta, horren harira, 400.000 txerto erosi dituzte, bakoitza 2,83 eurotan. Aurkezpenean arrisku taldeetan daudenek txertoa ipintzearen garrantzia azpimarratu zuten, arrisku taldeak zeintzuk diren gogoratuta: 65 urte edo gehiago dituztenak, diabetesa dutenak eta gaixotasun kronikoak dituztenak (biriketakoak, bihotzekoak, gibelekoak eta giltzurrunekoak).
Gripearen kontrako txertoak gaixotasuna eta hari lotutako konplikazioak arintzen ditu eta bere helburu nagusia arrisku-taldeak gaixotasunaren konplikazioetatik babestea da. Txertoa ipini nahi duenak bere osasun zentrura jo beharko du eta bertan txanda eskatu.