Gerriko minak eta oin-arazoak aztertuko dituzte eguaztenean

Gerriko minak eta oin-arazoak aztertuko dituzte eguaztenean
2015/04/14 eta kitto!

Bihar (eguaztena, hilak 15), Poliklinika Gipuzkoako Ignacio Carrillo eta Josu Arrieta traumatologoek gerriko minen eta bizkarreko tratamendu kirurgikoei buruz berba egingo dute, 19.30etatik aurrera Portalean, Osasun Ikasgelak egitasmoaren barruan. Hitzaldian Javier Alfaro, Oinaren Unitateko podologoak lagunduko die, oin-motei, ohiko patologiei eta tratamenduei buruzko azalpenak ematen. Traumatologo bien berbetan, "gerriko mina gaurko gizartean maiz ematen den arazo bat da, biztanleriaren %70-80 ingururi eragiten baitio bizitzako uneren batean, baina % 5ak bakarrik behar izaten du tratamendu kirurgikoa". Bizkarreko minak prebenitzeko, bestalde, "pisua kontuz mugitzea edo altxatzea, gizentasuna eta lanerako jarrera behartuak saihestea, noizean behin kirola egitea eta elikadura zaintzea" funtsezkoak direla diote.
Hitzaldian Javier Alfaro podologoak, kirolarien, adinekoen eta haurren oin-mota eta patologia ohikoenei eta haiei eman dakizkiekeen tratamenduei buruz hitz egingo du. Gaur egun, Podologoen Espainiako Federazioaren arabera, biztanleen % 80k oinarekin zerikusia daukaten arazoak dauzkate, batez ere haurrek eta kirolariek.