#HorrelakoaDaNireBizitza kanpaina aurkeztu du Atzegik

#HorrelakoaDaNireBizitza kanpaina aurkeztu du Atzegik
2015/10/08 eta kitto!

Gaur eguerdian (eguena, hilak 8) aurkeztu dute Atzegi elkartearen aurtengo sentsibilizazio kanpaina gurean, Txomoko parkean dagoen Txolartean. "Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza?" goiburuari jarraituta, "kanpainarekin adimen urritasunaren inguruan gizartean dauden aurreiritziekin apurtzea eta pertsona bakoitzaren bizimoduaren inguruko irudi errealago bat eskeintzea" bilatzen dutela azaldu dute.
Aurkezpen ekitaldian, Atzegiko ordezkariekin batera aurtengo kanpainako protagonistetako batek, Luciak hartu du parte. Irungo Sergiorekin batera, kanpainan gazte bi hauen irudia erabiliko dute, "euren adibideari begiratuta, jende askok barneratuta dauzkan estereotipoekin amaitzeko".
Dagoeneko hasi dira Lucia eta Sergio protagonista dituzten kartelak banatzen eta laster herriko denda eta kale guztietan ikusiko ditugu. Interneten ere kanpainari eskainitako atzegi.org/horrelakoadenirebizitza atarian hainbat baliabide ipini dituzte eskuragarri: atarian sartuz gero, kanpainaren harira grabatu duten bideoa, gaiaren inguruan norberaren ezagutza neurtzeko aukera ematen duen joko-modukoa eta beste hainbat gauza aurkituko ditu jendeak. Horrekin batera, #HorrelakoaDaNireBizitza traola erabilita, Atzegiko ordezkariek jendea adimen urritasuna dutenen argazkiak bidaltzera animatu nahi dute, "horrela, argazkietan gauza ezberdinak egiten ikusita, zein aktiboak diren" konturatzeko. Herririk herri ezagutzera emateko aurkezpenekin amaitu eta jarraian, datorren asteko martitzenean (urriak 13an) Donostiako Antzoki Zaharrean egingo dute kanpaina aurkezteko ekitaldia, 18.30etan hasita.