Indarkeria matxistaren kontrako egitaraua azken txanpan sartu da

Indarkeria matxistaren kontrako egitaraua azken txanpan sartu da
2015/11/23 00:00
eta kitto!
Eibarko emakumeen elkarteek eta udal ordezkariek prentsaurrekoa egin dute gaur arratsaldean (astelehena, hilak 23) Andretxean, Udaleko Berdintasun Arloak eta Eibarko Emakumeen Mahaiak antolatutako egitarauaren barruan orain arte egin diren jardueren inguruko balorazio "oso positiboa" egin eta datozen egunotan egingo direnen berri emateko. Egitarauari jarraituta bihar (martitzena, hilak 24) Errefuxiatuei laguntzeko CEAR taldeko Leire Lasak "Violencia de género en los procesos migratorios" izenburuko hitzaldia emango du 19:00etan Portalean, 3. pisuko ikastaro gelan.
Eguaztenean, berriz, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira elkarrataratzea egingo da Untzagan, baina aurretik, 18:45ean anbulategi pareko parketik abiatuta Untzagaraino joateko ibilaldia antolatu dute.
Eta indarkeria matxistaren harira Eibarrerako prestatu duten egitarauarekin amaitzeko barixakurako Eibar Beldur Barik jaialdia antolatu dute lehiaketara gure herritik aurkeztutako sei bideoak proiektatu eta irabazleei sariak banatzeko. Aurretik, baina, Eli Pagola, Manu Goiogana eta Nerea Elustondo bertsolariek saioa egingo dute Desire Magrok emango dien gaiei jarraituta. Ekitaldia 18:30ean hasiko da.