Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea egingo da Untzagan 19:00etan

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea egingo da Untzagan 19:00etan
2015/11/25 00:00 eta kitto!
Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, horren harira hainbat ekimen egingo dira eguazten arratsaldean: 18:45ean anbulategi pareko parketik Untzagaraino joateko ibilaldiari ekingo diote eta 19:00etan, berriz, indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea egingo da Untzagan. Ekitaldia amaitu aurretik, azaroaren 13an Eibarko udaleko Gobernu Batzarreko kideek onartutako adierazpen instituzionala (albistearen azpian testu osoa daukazue) irakurriko dute.

AZAROAREN 25eko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA: EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Azaroaren 25a dela eta, data horixe izendatu baitu Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna”, Eibarko Udalak bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai halaber sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste.

Berretsi nahi dugu, era berean, arazo estruktural baten aurrean gaudela eta, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duenez, ezinbestekoa dela berdintasun-politikak baliatzea, adituek zein nazioarteko erakundeek gomendatzen duten bezalaxe.

Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen da; izan ere, oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera pertsonen askatasuna mugatzen da. Saiatu behar dugu bestelako gizartea eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten.

Eibarko Udalaren xedea da pertsona guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte batean bizitzea, urrats bat gehiago emango duen gizartea eta, emakumeenganako indarkeriaren aurka agertzearekin batera, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde argiro azalduko den gizartea. Gure aldarrikapena da pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizartea. Errespetatzea ez da bakarrik ez erasotzea; aitzitik, berorren esanahia ere da pertsona bakoitzak, berdintasunik ezak dakarren mugarik gabe, bere bizitza-ibilbidea irudikatu ahal izateko bermea edukitzea.

Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak gure baitatik berrikusten hasi.

Hori guztia dela eta, Eibarko Udalak konpromisoa hartu du:

Bere eskuduntzen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.
Eta herritarrak gonbidatzen ditu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan, baita azaroaren 25a dela eta burutuko diren ekitaldietan parte har dezaten ere, bai halaber gazteen arteko prebentzio eta hezkuntzarako ‘Beldur Barik’ ekimenean.