Martxoaren 18an, igandean, egingo dute urteko batzar orokorra Goi Argi elkartekoek

Martxoaren 18an, igandean, egingo dute urteko batzar orokorra Goi Argi elkartekoek
2018/03/13 eta kitto!
Datorren martxoak 18 an, igandean, Goi-Argi emakumeen elkarteak bere urteroko batzarra egingo du Toribio Etxebarria kaleko 19. zenbakian dauzkan lokaletan, eta hainbat ekintza prestatu dituzte bazkideentzako. 18:30ean emango zaio hasiera bilerari  2017. urteko  kontuen aurkezpenarekin eta 2018rako aurreikuspenarekin. Jarraian, oparien zozketa egingo dute, eta eguna borobiltzeko Goruntz abesbatzaren emanaldia izango dute jarraian. Ahalik eta jende gehien gerturatzea eskatzen dute. 12:00etan urtean zehar hildako bazkideen aldeko meza egingo da San Andres elizan.

Ibilbide luzeko elkartea
67 urte pasatu dira Mercedes Kareagak Goi Argi emakumeen elkartea sortu zuenetik. Gaur egun bazkide gehienak 80-90 urteak
pasatuta dituzte eta arratsalde pasa, kartetan edo bingoan jokatzera joaten dira. Elkarteari haize berria emateko premia ikusita, iaz bi bazkide gazteago sartu ziren zuzendaritzan. Euren helburua elkarteari laguntzea da, “elkartea ez desagertzeko beharrezkoa baita erreleboa egotea”.
Gaur egun 300 bazkide inguru dira elkartean. Urtean 50 euroko kuota ordaintzen dute eta “etxetik irteteko eta lagunartean egoteko
aukera paregabea izan dezakete”. Arratsaldeetan egoten da zabalik (zapatuetan izan ezik), 17:00etatik 21:00etara, eta bertan emakume bat egoten da kafeak eta edariak zerbitzatzen eta emakumeei laguntzen. Igande eta astelehenetan tortillak eta pintxoak egiten hasi dira.
1951n emakumeei formazioa emateko helburuarekin jaio bazen ere, gaur egun aisialdira bideratuta dago elkartea. Urtean egun berezienak Aratoste martitzena eta San Jose izaten dira, eta musika eta bestelakoekin ospatzen dituzte.