Ostegunera arte guardasola soinean eraman beharko dugu

Ostegunera arte guardasola soinean eraman beharko dugu
2018/02/19 eta kitto!
Guardasolak soinean eraman beharko ditugu hurrengo egunotan nahitanahiez. Gaur euria iraunkorra izango da egun osoan eta arratsalde-gau partean, gainera, ugaritu egingo da. Izan ere, egunaren hasieran mendebaldeko haizea ibili den arren, arratsalde amaieran ipar-mendebaldetik finkatuko da. Tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik izango; barnealdean 8 ºC ingurukoak izango dira eta 11-12 ºC artekoak, berriz, kostaldean.

Asteartearen lehenengo partean eguraldiak berdintsu jarraituko du. Zerua estalita egongo da, beraz, eta euria ugaria izango da eta etengabe egingo du. Arratsaldetik aurrera aterruneak espero dira, baina momentuz euria egiten jarraituko du, noizbehinka bada ere. Tenperaturan ez da aldaketa handirik espero.

Asteazkenean giroak hoztera egitearekin batera, atertzera egingo du, Europatik haize hotz eta lehorragoa iritsiko baita. Arratsaldean, ekialdetik hasi eta mendebalderantz, euria gutxituz joango da, erabat atertu arte; ekialdean ostarte zabalak irekiko dira. Tenperaturak behera egin eta beroenak 5 eta 10 ºC artean geratuko dira. Egunaren amaieran izotza espero da barnealdeko hainbat tokitan. Ostegunean tenperaturek behera egingo dute eta, itxura denez,  guardasola etxean laga ahal izango dugu.

Argazkia: Periko Iriondo.