Udaleko beharginak murrizketen kontra

Udaleko beharginak murrizketen kontra
2012/01/20 eta kitto!

Atzo elkarrateratzea egin zuten Udaleko beharginek, "Zerbitzu publikoen alde. Murrizketarik ez. Eibarko hitzarmena negoziatu" zioen pankartaren atzean, "sektore publikoari murrizketak aplikatuta eta lanpostuak desagertarazita lan-baldintzak erregulatzeko Udalaren borondate falta salatzeko". Udaleko Pertsonal Batzordeak eta Enpresa Komiteak (ELA, CCOO, LAB eta Erne) sinatutako idatziari jarraituta, "korporazioak, Rajoyren dekretua zein EUDELeko mahai orokorretik edo Eusko Jaurlaritzaren mahai orokorretik eratorrita etor daitezkeenak aplikatuta, gure lan baldintzak murrizten jarraitzeko ahaleginari eustea erabat errefusatzen dugu. Horrekin batera, Udalak 2010ean plenoan onartutako akordioa ez zuela bete eta soldatak jaitsi zituela salatu nahi dugu, horiek 2011n izoztuta eta, gainera, herritarrak ez kaltetzeko eta zerbitzuen kalitateari eusteko beharrezkoak ziren langileak ez zituen kontratatu. 2012rako soiltasuna, estutzea eskatzen digute politikoek iazko ekainean euren soldatak %5 igo zituztenean".
Horrekin batera, "sektore publiko zein pribatuko beharginek krisia ordaindu behar izatea" arbuiatzen dute eta "herritarrengan eragina izaten diharduten zerbitzu publikoetan ematen ari den eraso bortitzaz" ohartarazi nahi dituzte herritarrak. Euren berbetan, "botere ekonomiko eta politikoen helburua zerbitzu publikoak bertan behera laga eta negozio pribatu bihurtzea da". 
Salaketa egitearekin batera, udal korporazioari euren lan baldintzak ezartzeko eta galtzen joan diren lan-eskubideak berreskuratzeko mahaian beharrean hastea eskatzen diote beharginek.