Women In Black performancea egingo da gaur 18:00etan

Women In Black performancea egingo da gaur 18:00etan
2015/11/19 eta kitto!

Indarkeria matxistaren kontra antolatutako egitarauaren barruan gaur (eguena, hilak 19) 18:00etan "Woman In Black" (beltzez jantzitako andrak) izeneko performancea egingo da Untzagan (jubilatuen aldean) eta, horretarako, herriko eta inguruko andra guztiak parte hartzera animatu nahi dituzte "hau denon borroka delako". Parte hartu nahi dutenei baltzez jantzita joatea eskatzen diete, "eta esandakoan lurrean etzen beharko dira, lerro zuzena osatzen, bata bestearen aldamenean, buru guztiak alde berera begira, geldirik, begiak itxita eta ixilik (hilda moduan). Pare bat minutu edo pasatzean, aurretik aukeratutako norbaitek klarion lodi batekin bakoitzaren inguruan silueta marraztuko du eta, amaitzen duenean, pertsona hori jaiki eta aldamenean etzenda daukan lehenengoaren sorbalda ikutuko du, hori altxatzeko. Horrela, gauza bera errepikatzen joango gara, denak zutik bakoitzaren siluetaren atzean egon arte. Orduan, minutu batzuk ixilik pasatu eta, ilarak apurtuta, ekintza amaitu egingo da".