Guinnessa lortzeko ekitaldirako prestakuntza lanekin oso pozik daude antolatzaileak

Guinnessa lortzeko ekitaldirako prestakuntza lanekin oso pozik daude antolatzaileak
2017/06/12 eta kitto!
Pare bat aste baino ez dira falta Eibarren AKEBAI plataformaren ekimenez ekainaren 22an Guinness errekorra gainditzeko egingo den ekitaldirako eta, hori antolatzen dabilen lantaldeak aditzera eman duenez, “prestakuntza guztiak oso ondo bideratuta daude dagoeneko. Alderdi teknikoa erabat itxi ondoren, aste honetan ekitaldiaren aurkezleak ere finkatu ditugu: Ylenia Baglietto aktoreak eta Haritz Lete musikariak aurkeztu eta gidatuko dute. Gainera, DBHko ikasleekin entseguak ere hasi dira, ekitaldian zehar protagonismo berezia izango dutenetako batzuk eurak izango baitira. Prestakuntza teknikoetatik aparte, izen-emateak ere oso erritmo onean doaz. Ekimenak Eibarko 75 talde baino gehiagoren atxikimendua jaso du. Elkarteak, enpresak, ikastetxeak, alderdi politikoak... Eibarren AKEBAI plataformak bultzatutako Guinnessaren ekitaldia babes zabala ari da jasotzen”. Dagoeneko 2.000 lagun inguruk eman du izena eta antolatzaileek uste dute azken txanpan lortuko dela aurreikusitako jende kopurura, 2.500 partehartzailera ailegatzea. Izan ere, Dubaik duen errekorra gainditzeko kopuru horretara ailegatu beharko da.

logoa

Bitartean, auzoetan ere prestakuntza lanetan ari direla azaldu dute: “100 lagun baino gehiago ari dira auzoetako parte-hartzea antolatzen eta koordinatzen. Guinnessaren egunean ere, 100 pertsona inguru ibiliko dira ekitaldia koordinatzen eta partaideak gidatzen”.
Informazioa herritarren artean zabaltzeko, guztia online ari dira jartzen www.akebai.eus webgunean eta Facebook-en (https://www.facebook.com/EibarrenAkebai/ ). Horrekin batera, Portalean ere jaso daiteke informazio gehiago, astegunetan arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara 2. solairura joanda. Eta, bestela, eibarrenakebai@gmail.com helbidera ere idatzi daiteke. Gauzak horrela, antolatzaileak “jasotako harrera beroarekin eta eibartarren inplikazio eta parte-hartzearekin” oso pozik daudela diote.

akebai urkizu 1 akebai iturburuakebai urkizu 2