Euskara eta lana uztartzeko apostuaz jardun zuten atzo II. Hizkelan jardunaldian

Euskara eta lana uztartzeko apostuaz jardun zuten atzo II. Hizkelan jardunaldian
2017/11/09 eta kitto!
Atzoko eguraldi goibel eta euritsuarekin kontrastatuz, giro lasai eta beroan pasa zuten goiza Armeria Eskolan II. HIZKELAN jardunaldian parte hartu zutenek. Lanbide Heziketan eta enpresetan euskarak bizi duen egoera eta esparru horietan euskara bultzatzeko ematen ari diren urratsak ardatz bezala hartuta, esperientziak partekatzeko eta hausnarketa egiteko aukera eman zuen mintegiak. Umoreak ere izan zuen bere tartea: gai potoloak alde batera lagata, gogoz barre egiteko etenaldiak eskaini zituen bere burua “Arrate” bezala aurkeztu zuen Mikel Laskurain aktore bergararrak.

Lanbide Heziketa eta lan mundua euskalduntzeko lan handia egiten ari dela, baina oraindik ere bide luzea dagoela egiteko gelditu zen agerian esparru horretan ikas-materiala euskaratzeaz  eta euskara sustatzeaz arduratzen den LANEKI elkarteak antolatutako jardunaldian. Ausardia, harrotasuna, gazteenganako konfidantza, berrikuntza eta sormena bezalako hitzak azpimarratu ziren mahainguruan, eta “hizkuntzaren kudeaketa enpresaren ardatzean kokatu beharra” dagoela adierazi zuen Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Josune Zabalak ekitaldiaren aurkezpenean.

 

LANEKIko Ainitze Blanco, LHko Sailburuordetzako Rikar Lamadrid, Miguel de los Toyos Eibarko alkatea eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Josune Zabala. LANEKIko Ainitze Blanco, LHko Sailburuordetzako Rikar Lamadrid, Miguel
de los Toyos Eibarko alkatea eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Josune Zabala.

 

Ezkerretik hasita, Imanol Urreisti Armeria Eskolako zuzendaria, ELAY enpresako Anaje Narbaiza, Easo Politeknikoko Miguel Angel Elkoroberezibar, SD Eibar Fundazioko Mikel Larrañaga, KABIAko Arantza Lekuona eta Joxe Mari Goenaga zinemagilea. Erdian, Amaia Uribe kazetaria. Ezkerretik hasita, Imanol Urreisti Armeria Eskolako zuzendaria, ELAY enpresako Anaje Narbaiza, Easo Politeknikoko Miguel Angel Elkoroberezibar, SD Eibar Fundazioko Mikel Larrañaga, KABIAko Arantza Lekuona eta Joxe Mari Goenaga zinemagilea. Erdian, Amaia Uribe kazetaria.

 

Gazteen artean euskararen erabilera indartzerako orduan Lanbide Heziketako zentroek duten garrantziaz egin zuten berba gonbidatuek. Azken urteetan Lanbide Heziketan D ereduaren indartzea eman dela eta “pausuak denon artean ematea funtsezkoa” dela esan zuten behin eta berriro Armeria Eskolako Imanol Urreistik eta Easo Politeknikoko M.A. Elkoroberezibarrek.

Mikel Irizar GFAko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak adierazi zuen euskararen erabileran aurrera egiteko formula berriak landu behar direla eta ezinbestekoak direla sinergiak, osagarritasuna, indarrak biltzea eta diagnostiko bateratu bat.

Kontseiluko Haizpea Abrisketak Europa osoko eragileekin adostu eta partekatu den  `Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloaz´ hitz egitean, “euskara desabantailan dagoen hizkuntza bat den neurrian, administrazioek eta gizarteak neurri horiek bete egin beharko” lituzketeela gogorarazi zuen. Neurri horien adibide bat da lantokiko prestakuntza eta praktiketan hizkuntza eskubidea bermatzea.

Solasaldian aritu ziren Mikel Irizar GFAko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria eta Amaia Uribe kazetaria. Solasaldian aritu ziren Mikel Irizar GFAko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria
eta Amaia Uribe kazetaria.

Gai honetan erreferentea den ELAY enpresako Anaje Narbaizaren hitzetan, “gu enpresan euskara bultzatzen hasi ginenean ez zegoen ezer. Sinistu egin dugu egin ahal dela, bai zuzendaritzatik bai kolektiboki. Sinistea ezinbestekoa da. Sinismen hori egi bihurtzeko baliabideak sortu behar dira. Formakuntza baliabideetako bat da. Ez gaude ohituta gauzak euskaraz eskatzen, egoera aldatu egingo da eskari hori baldin badago”.

Euskara gazteen eremuetara eramatearen garrantziaz ere jardun zuten. SD Eibar Fundazioko Mikel Larrañagak azaldu zuenez, “foballak daukan eragina kontuan hartuta, Euskal Herriko foball partidu guztietan euskaraz egitea ondo legoke. Umeek euren jokalariak euskara egiten ikustea aurrerapausu handia litzateke”.

KABIAko Arantza Lekuonak erabiltzaile guztien hizkuntz eskubideak bermatzeaz aritu zen eta hori dela euren misioa azpimarratu zuen.

Joxe Mari Goenaga zinemagilearen ustetan, “inportantea da sinistea euskarak zinemarako balio duela eta erreferenteak edukitzea. Esparru guztietan sormen propioa behar dugu. Asko jotzen da kopiatzera, baina indarra sormenean jarri behar dugu”.

Merezitako omenaldia egin zitzaion Jose Luis Elkoro ELAY enpresako sortzaileari, euskararen alde egindako lanagatik. Merezitako omenaldia egin zitzaion Jose Luis Elkoro ELAY enpresako sortzaileari, euskararen alde egindako lanagatik.

 

Mikel Laskurain Hizkelan jardunaldiaren erdian agertu zen "Arrate" (Mikel Laskurain).

 

Hizkelan jardunaldia