Ikasleentzat diru-laguntzak urriaren 31ra arte eskatzeko aukera izango da

Ikasleentzat diru-laguntzak urriaren 31ra arte eskatzeko aukera izango da
2012/09/18 eta kitto!

Gaur (martitzena, hilak 18) eguerdian aurkeztu dituzte udaletxean herriko ikasleei laguntzeko martxan dauden programak: Umeak Eskolara programari jarraituta, 1997ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean jaiotako umeek izango dute laguntza jasotzeko aukera, beti ere baldin eta Eibarko erroldan izen-emanda badaude. Dirulaguntzak Ikasleei programako laguntzak, berriz, irakaskuntza arautuko edo lanbide-prestakuntzako ikasleei zuzenduta daude. Ez dute laguntzarik jasoko ikasketa osagarriak egiten dabiltzatenek (masterrak, doktoradutza, hizkuntza, informatika-erabiltzaile, gida-baimena…). Eskaerak 1987ko urtarrilaren 1etik 1996ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek egin ditzakete.
Kasu bietan laguntza 60'10 eurokoa izango da eta dirua eskolarako behar duten materiala (testu libururik ez) Eibarko dendetan erosteko erabili beharko dute. Izan ere, Eibar Merkataritza Gune Irekiak kanpainiarekin kolaboratu egiten du eta, horregatik, elkarteko dendetan erosiz gero, eurek zuzenean tramitatuko dute dirulaguntza-eskaera. Bestela, eskaerak Eibar Merkataritza Gune Irekiaren egoitzan (Untzaga Plaza, 7-3 behean) aurkeztu beharko dira. Informazio zabalagoa behar izanez gero kanpainiarekin bat egin duten dendetara zuzenean edo Pegorara jo daiteke. Eskaerak aurkezteko azken eguna urriak 31 izango da.