Herri-kontuen euskal epaitegiak Errebalgo proiektuaren fiskalizazioa egingo du

Herri-kontuen euskal epaitegiak Errebalgo proiektuaren fiskalizazioa egingo du
2012/03/16 eta kitto!

Gaur eguerdian Bildu eta Aralar taldeetako ordezkariek Errebalen egindako agerraldian aditzera eman dutenez, "berriki jakin dugunez, otsailaren 29an Herri-kontuen euskal epaitegiak Eibarko Udalean idatzia aurkeztu zuen, 2012ko beharren artean Errebalgo proiektua fiskalizatuko duela adieraziz. Idatzian fiskalizazio lanak egiteko dokumentazioa prestatzeko eskatzen dio Udalari, laster udal gobernuarekin kontaktuan ipiniko oemn dira eta".
Pozik hartu dute berria agerraldian izan diren alderdi bietan, "orain dela 6 urte PSE-EEren udal gobernuak egindako lurraren inguruko kudeaketa negargarria" gogora ekarrita: "Lehenengo orubea saldu egin zen eta berau berreskuratzeko udaleko diru-poltsak kalte haundia jasan du. Orubea berreskuratzeko bide legalari jarraitu beharrean, Udalak enpresarekin akordio batera ailegatzea erabaki zuen eta, akordio horren ondorioz, Udalak 1.320.234 euroko kreditua eskatu behar izan zuen. Oraindik ere kredituaren karga ekonomikoaren ondorioak jasaten dihardugu".
Gauzak horrela, "Errebalen inguruan eraman den kudeaketa okerra dela medio, Bilduk eta Aralarrek txalotu egiten dugu Herri-kontuen euskal epaitegiak hartutako erabakia. Bestalde, udal gobernuak berriz ere orube honen sasi-salmenta planteatzen duela salatu nahi dugu. Izan ere, PSE-EEren asmoa lurra 99 urterako kontzesioan ematea da, azken batean orube publikoa pribatizatuta. Gainera, Errebalen martxan jarriko diren erabileren inguruan ez da inolako eztabaida publikorik egin nahi, atzo bertan Maixa-ko kideek salatu zuten moduan".
Agerraldia amaitu aurretik, "herritarren parte-hartzea izan beharko lukeen prozesuan", Errebalen inguruko erabileren inguruko hausnarketa berriaren premia ikusten dutela azaldu dute: "Errebalen 7.000 edo 10.000 metro karratuko eraikin bat jasotzea, gaur egun Eibarren dauden beharrei erantzun beharrean hormigoia maite dutenei mesede egitea izango litzateke-eta".