Hitzaldia eta garagardo tailerra antolatu dituzte gaztetxean astebururako

Hitzaldia eta garagardo tailerra antolatu dituzte gaztetxean astebururako
2017/01/27 eta kitto!
Gaurko hitzaldia antolatu dute Eibarko gaztetxean: “Gazteak Kalean” izenburuari jarraituta, 19:00etatik aurrera auziperatutako hainbat lagunek errepresioaren eta plataformaren sorreraren eta garapenaren inguruan egingo dute berba. Ondoren, zerbait jateko aukera izango da eta musikarekin amaituko da saioa. Gazteak Kalean plataforma 2016ko irailean sortu zuten, “jazarpen polizialari” erantzuteko. 2015eko Tolosako inauterietan Ertzaintzarekin izandako liskarren ondorioz kartzela zigorrak eta isunak, eta bestetik, Ezpala gaztetxearen bigarren okupazioaren ondorioz, zigor ekonomikoa ezarri dieten gazteek osatzen dute.

gazteak kalean
Garagardo tailerra zapatu eguerdian
Bestalde, bihar eguerdian Garagardo tailerra egingo dute gaztetxean bertan: “12:00etatik aurrera bildutakoak garagardoa egiteko aukera izango dute. Errezeta ezberdinak erabiliko ditugu eta garagardoa elkarlanean egingo dugu, etxeko garagardoa ekoizteko bereziki prestatu dugun gelan. Biharkoa lehen tailerra izango da, baina aurrera begira gaztetxeak bere garagardoa ekoiztea da asmoa. Jendea jateko zerbait eramatera animatu nahi dugu, gero elkarrekin bazkalduko dugu eta. Animatu eta parte hartu!”.

garagardo