Ikasenpresa Azokaren seigarren edizioa aurkeztu dute

Ikasenpresa Azokaren seigarren edizioa aurkeztu dute
2017/02/09 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute udaletxean datorren astean gure herrian egingo den VI. Ikasenpresa Azoka Alberto Albistegi, Garapen Ekonomiko eta Enplegu zinegotziak, Iñaki Mujika, Tknika-ko zuzendari exekutiboak eta Pilar Diez Ikasenpresa programako dinamizatzaileak. Tenikak koordinatuta, Lanbide Heziketako ikasleen artean kultura ekintzailea bultzatzeko asmoz garatzen den heziketa proiektua da Ikasenpresa eta azoka ere horri lotuta antolatzen dute. Azokari esker ikasleek ikasturtean zehar landutakoa jendeari bertatik bertara erakusteko aukera izaten dute eta, bide batez, ikasturteari agur esateko ekitaldia ere bada, horren ostean enpresetan praktikak egiten hasiko dira eta.

Adobe Photoshop PDF

Aurten seigarren edizioa beteko duen azoka otsailaren 16an, eguenean egingo da, Untzagan eta Txaltxa Zelaian, 10:30etatik 13:30era bitartean. Betiko moduan, Lanbide Heziketako ikasleek sortutako era guztietako produktu eta zerbitzuak eskainiko dituzte: 207 Ikasenpresak hartuko dute parte, karpa bitan banatuta, eta azokak 1.500 bat gazte erakartzea dago aurreikusita. Antolatzaileek emandako datuen arabera, kurtso honetan 600 Ikasenpresatik gora sortu dituzte EAE-ko 73 Lanbide Heziketa zentrutan eta horien inguruan 4.000 bat ikaslek eta 170 irakasle inguruk jardun dute beharrean.