Bihurri eta Etxeberria nagusitu dira Policlinica Gipuzkoa aizkora torneoan

Bihurri eta Etxeberria nagusitu dira Policlinica Gipuzkoa aizkora torneoan
2015/11/30 eta kitto!

Gaur Eibarren San Andres eguna ospatzeko antolatutako ekitaldien artean, Policlinica Gipuzkoa aizkora torneoaren 4. edizioa jokatu da eguerdian Errebalen 10 aizkolariren (sei heldu eta lau gazteren) parte-hartzearekin eta, Policlinica Gipuzkoak babestutako txapelketako sari nagusia Etxeberriak eta Ernesto Ezpeleta “Bihurrik” osatutako bikoteak eskuratu du. Haien atzetik bigarren sailkatu dira Zubizarreta eta Alex Txikon eta hirugarren, berriz, Mujika eta Fermin. Hamasei eta hemeretzi urte bitarteko aizkolarien arteko lehian, berriz, Hodei Ezpeleta eta Eloy Kortxero nagusitu dira, bigarren sailkatu diren Josean Etxeberria eta Aitor Jauregiren aurretik. Eguraldia lagun, aizkolarien arteko norgehiagokak ehundaka lagun batu ditu gaur Errebalen eta, proba amaitu eta jarraian, irabazleek Patxi Lejardi Euskera eta Kultura zinegotziaren eta Sonia Roussel Policlinica Gipuzkoako Asistentzia Zuzendariaren eskutik jaso dituzte sariak.
Eta Untzagan, berriz, aurtengo San Andres Azokako irabazleei sariak banatzeko ekitaldia 13:30ak aldera hasi da: Markinako Alejandro Arrietak barazkien ataleko saria eraman du, frutetan Antzuolako Maria Jose Arregi saritu dute, eztirik onenari saria Portugaleteko Ekaitz Aurrek eskuratu du, ogirik onenari saria Orduñako Arantzazu Meabek eta gazta onena, berriz, Jose Aranbururena izan da. Eta Loixola baserriko Oier Agirrebeñak sari bikoitza jaso du, aurkezpen onenari saria eta Eibarko baserri onenari saria, biak berak irabazi ditu eta. Kartel lehiaketako irabazleei zein Arrate Kultur Elkartearen Pintxo Lehiaketako irabazleei ere gaur banatu dizkiete sariak, azokako irabazleekin batera.
Bestalde, domekan Untzagan bakailaoa pil-pil eran prestatzen ibili ziren 33 bikoteen artean lehen saria Jose Miguel Gorospek eta Gorka Aranzetak lortu zuten. Bigarren onenak Juan Carlos Amado eta Jon Mirena izan ziren eta, hirugarrenak, berriz, Andoni Mutilba eta Jon Jauregi.