Eguen Zuriko kalejirek trafikoari eragingo diote

Eguen Zuriko kalejirek trafikoari eragingo diote
2012/02/16 eta kitto!

Gaur hasiko gara Aratosteak ospatzen gurean, umeak protagonista izango diren Eguen Zurian. Eskoletatik kanpo egingo diren kalejirak 15.30ak aldera hastea dago aurreikusita, baina trafikoari eragingo dioten aldaketak piskat aurretik hasiko dira, 15.00etatik 22.00ak arte Untzaga, Calbeton eta Plaza Barria oinezkoendako gorde eta ibilgailuentzat itxita egongo delako. Beraz, tarte horretan Bidebarrietako (Etesa pareko) eta Barrenako (Azitain gasolindegi pareko) autobus geltokietatik ez da autobusik pasatuko. Bestalde, 17.00etan erraldoi eta buruhaundiekin kalejira egingo da Urkizu Pasealekutik Untzaga Plazaraino eta, beraz, auto-pilaketak gerta daitezke. Udaltzainek saihesbidea erabiltzea gomendatzen dute. Gaur hasi eta martitzena bitartean egingo direnak irakurri nahi baduzue, jarraian egitarau osoa daukazue:
Eguen Zuria
15.30.- Ikastetxeen kalejirak. 17.00.- Urkizutik Untzagaraino, erraldoi eta buruhaundien kalejira. 17.00.- Lisker taldearekin berbena. 17.00etatik 19.00etara.- Tailerrak, Astixaren eskutik. Untzagan.

Barixaku Erregularra
20.00.- Urkizun hasi eta Untzagaraino, Kaldereroen kalejira. Partehartzaileak: Kezka dantza taldea, ...eta kitto! Euskara Elkartea, Txolarte, Ustekabe fanfarrea, Lagun Taldea, Untzagako nagusien egoitzako abesbatza, Kaleetan Kantuz eta Adolfo Jainagaren trikitixa eskolakoak. 20.30.- Untzagan, Kaldereroen abestiak eta dantzak. 21.00.- Aratosteetako pregoia. 21.30.- Herri-afaria, Untzagako karpan. 23.00.- Baron Rojo taldearen kontzertua (Untzagan).

Aratoste Zapatua
12.00.- Aratosteetako karpan animazioa, Lambretta Klubarekin. 13.30.- Aratosteetako taberna eta kartel lehiaketetako irabazleei sariak banatzea. 17.00.- Umeendako diskoteka, Untzagako karpan, DJ Arnorekin. 17.00.- Koko-jantzi lehiaketa, Galiziako Etxean. 18.00.- Untzagan hasita, kalejira Ustekabe fanfarrearekin. 20.00.- Urkizutik hasita, koko-jantzitako koadrilen kalejira. 23.00etatik 03.00etara.- Dantzaldia, Luhartz taldearekin.

Aratoste Domeka
11.00.- Usartza Txistulari Bandaren kalejira. 17.00.- Untzagan, umeendako playback lehiaketa, ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta. 18.30.- Umeendako diskoteka, Untzagako karpan, DJ Arnorekin.

Aratoste Martitzena
17.00etatik 18.30etara.- Umeendako jolasak, Untzagan, Astixarekin. 18.30.- Sardinaren entierro txikia, trikitilariek lagunduta. 18.30.- Umeendako diskoteka, Untzagako karpan, DJ Arnorekin.