Euskal Jaialdia hartuko du Untzagak San Juan Txiki arratsaldean

Euskal Jaialdia hartuko du Untzagak San Juan Txiki arratsaldean
2015/06/25 eta kitto!
Herri-kirol ezberdinetako erakustaldiek eta kirolarien arteko erronka txikiek osatuko dute, azken lehiaketa nagusiarekin batera, hilaren 25ean, eguenean, arratsaldeko 19.30etatik aurrera jokatuko den aurtengo Euskal Jaialdiaren egitaraua. Pello Telletxea, Felix Zubizarreta, Ioritz Gisasola, Igor Duñabeitia eta Ernesto eta Hodei Ezpelta aizkolariek, Joseba eta Udane Ostolaza harrijasotzaileek eta Oskar eta Laura Basatxuk eta Karlos Aretxabaletak Iparraldeko jokoetan osatuko dute partehartzaileen karteldegia. Ikusten denez, Ezpeleta aita-semeek aurten elkarrekin jardungo dute belaunaldien arteko norgehiagokak ere izango dira ikusgai: hor ditugu Bihurri eta Hodei bere semea aizkolariak, Joseba Ostolaza harrijasotzailea Udane bere alabarekin eta gauza bera Oskar Basatxu eta bere alaba Laura Iparraldeko jokoetan. Aurreko urteetan zaleek herri-kiroletako modalitate asko ikusteko aukera izan badute ere, oraingoan Iparraldeko jokoen barruko ia kirol guztiak dastatzeko aukera izango da. “Oraingoan, gainera, gurdi-jokoa ere eskainiko dugu lehen aldiz. Lasto botatzea, zaku lasterketa eta halakoekin batera”, diote antolatzaileek. “Ez da ahaztu behar gurekin izango ditugula Basatxuarrak, Euskal Herriko txapeldunak gurdiarekin heldu eta gazte mailan”.
Aurrekoez gain, eta ohikoari jarraituta, aizkolariek hainbat estilo landuko dituzte euren saioan: esku bakarrarekin jardungo dute, baita aitzurrarekin, altueran moztuko dute... Eta harrijasotzaileek hainbat harrirekin jardungo dute euren erakustaldian. Ahaztu barik jaialdiaren amaieran motozerrarekin enborrak moztuz osatuko dituzten figuren jarduna. Jaialdiko lehiaketa nagusian, bestalde, “hiru taldek jardungo dute, nor baino nor: aizkorarekin hasteko, jarraian harrijasotzaileen unea izango da, txingek ere euren tartea izango dute torneo horretan eta amaitzeko, lasterka hainbat itzuli egin beharko dituzte hiru taldeetako ordezkariek”. Aurreko urteetan aurkari gisa jardun badute Bihurrik eta Hodei haren semeak ere oraingoan badirudi elkarrekin arituko direla torneo horretan. Ea zelan konpontzen diren! Guztira, “ordu eta erdi inguru iraungo du jaialdiak. Modalitate asko dira eskaintzen direnak, zaletu guztien gustoak asetzeko modukoak. Ziur gaude jendea pozik irtengo dela”.
Gaur arratsalde/gauerako jai egitaraua jarraian:

San Juan Txiki (ekainak 25)
17:00etatik 20:00etara.- Zirkomotik jolas parkea. Untzagan.
18:00.- Kalejira Africa Baj Yay taldearekin. Untzagatik abiatuta.
19:00.- Kalejira Lizarrako dultzaineroekin. Urkizutik Untzagara.
19:00.- "Ipar amerikar indigenak" umeendako antzerkia, Patxin eta Potxin pailazoekin. Untzagan.
19:30.- Euskal Jaialdia, ...eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik. Untzagan.
20:30.- Elegancia Mexicana mariatxia. Untzagan.
20:30.- Cielito musika bandari eta Usartza txistulari taldeari omenaldia, Auzokoak elkartearen eskutik. Jaiki elkartean.
23:00.- Suzko erroberak, Valecea pirotekniaren eskutik.
23.15.- Berbena aintzinako doinuekin, Cielito musika bandaren eskutik. Untzagan.