Sagardo Eguna aurkeztu dute

Sagardo Eguna aurkeztu dute
2015/09/21 00:00
eta kitto!

...eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik aurten 22. edizioa beteko duen Sagardo Eguna aurkeztu dute gaur (astelehena, hilak 21) Ipur sagardotegian Maider Aranberrik eta Anartz Mitxelenak. Urtero bezala urriko lehen zapatuan, urriaren 3an ospatuko da Sagardo Eguna Untzagan, goizez 12.00etatik 14.30etara eta arratsaldez 19.00etatik hasi eta sagardo guztia amaitu arte. Azken urteotako martxari jarraituta, Gorenak Sagardoak osatzen duten 13 sagardotegietako (Alorrene, Altzueta, Barkaiztegi, Begiristain, Egi-luze, Gartziategi, Gaztañaga, Gurutzeta, Isastegi, Olaizola, Sarasola eta Zapiain) sagardoa dastatzeko aukera izango da egun osoan. Aurtengo berritasuna, goizez plaza biak, udaletxe parekoa eta jubilatuen etxe aldamenekoa erabiliko direla azaldu dute: "Udaletxearen aldean betiko moduan sagardoa edan eta pintxoak jateko aukera izango du jendeak eta beste plazan, berriz, hiru sagardogile egongo dira eta, gainera, matxaka eta tolarea ipiniko ditugu jendeak prozesua bertatik bertara ezagutzeko eta irtetzen joango den mustioa edateko aukera izan dezan. Horrez gain, sagar moeta ezberdinekin erakusketa ipiniko dugu". Egunerako prestatutako egitaraua biribiltzeko txalapartariek eta musika eskolako soinujoleek jardungo dute eta umeendako hainbat joko ere antolatu dituzte. Mota biko tiketak ipiniko dituzte salgai eguerdiko 12.00etatik aurrera, udaletxe parean izango den salmenta puntuan. Tiket nagusiak 6 euro balioko du eta urteroko moduan horren trukean edalontzia, zapia, pintxoa eta txotx-a izango dira. Eta bakarrik pintxoa nahi duenak (txorizoa eta gazta menbriloarekin) 1'5 eurotan horretarako tiketa erosteko aukera izango du. Antolatzaileen berbetan, "egun horretan 2.340 sagardo botila, 200 kilo txorizo eta 15 kilo gazta banatuko ditugu. Horrelako eguna antolatzea posible egiten duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, bai laguntzera etortzen den 60 bat laguneko lantaldeari baita udalari, Ipur sagardotegiari, Gorenak elkarteari eta beste guztiei ere".


Sagardo dastaketa irailaren 30ean


Bestalde, egunerako girotzen joan nahi dutenentzat sagardo dastaketa antolatu dute irailaren 30erako, 19.00eta Ipur sagardotegian. Egoitz Zapiainen eskutik egingo den saioan parte hartzea doan izango da, baina bakarrik 15/20 bat lagunendako tokia egongo denez, joan nahi duenak izena eman beharko du 943200918 telefonora deituta edo ...eta kiito! Euskara Elkartetik pasatuta (Urkizu, 11 solairuartea), gaurtik hasita toki guztiak bete arte.