#SagardoEguna 12.00etako txotxarekin abiatuko da

#SagardoEguna 12.00etako txotxarekin abiatuko da
2015/10/02 00:00
eta kitto!

Bihar (zapatua, urriak 3) ospatuko da …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik Sagardo Eguna Untzagan, goizez 12.00etatik 14.30etara eta arratsaldez 19.00etatik hasi eta sagardo guztia amaitu arte. Azken urteotako martxari jarraituta, Gorenak Sagardoak osatzen duten 13 sagardotegietako (Alorrene, Altzueta, Barkaiztegi, Begiristain, Egi-luze, Gartziategi, Gaztañaga, Gurutzeta, Isastegi, Olaizola, Sarasola eta Zapiain) sagardoa dastatzeko aukera izango da egun osoan. Mota biko tiketak ipiniko dituzte salgai eguerdiko 12.00etatik aurrera, udaletxe parean izango den salmenta puntuan. Tiket nagusiak 6 euro balioko du eta urteroko moduan horren trukean edalontzia, zapia, pintxoa eta txotx-a izango dira. Eta bakarrik pintxoa nahi duenak (txorizoa eta gazta menbriloarekin) 1'5 eurotan horretarako tiketa erosteko aukera izango du.
Aurten plaza bietan
Aurten badago berritasunik: goizez plaza biak, udaletxe parekoa eta jubilatu etxe aldamenekoa erabiliko dira. Udaletxearen aldean betiko moduan sagardoa edan eta pintxoak jateko aukera izango du jendeak eta beste plazan, berriz, hiru sagardogile egongo dira. Gainera, matxaka eta dolarea ipiniko dira jendeak prozesua bertatik betara ezagutzeko eta irtetzen joango den muztioa edateko aukera izan dezan. Horretaz gain, sagar mota ezberdinekin erakusketa ipiniko da. Egitaraua biribiltzeko, txalapartariek eta musika eskolako soinujoleek jardungo dute eta umeendako hainbat joko ere antolatu dira