San Juan jaiek aldaketak eragingo dituzte trafikoan

San Juan jaiek aldaketak eragingo dituzte trafikoan
2012/06/22 eta kitto!

Gaur hasi eta hilaren 25era bitartean, San Juan jaiak ospatuko direla eta, trafikoan hainbat aldaketa izango direla iragarri dute Udaltzaingotik. Aparkalekuei dagokienez, atzoz geroztik ezin da Errebalgo aparkalekua erabili, bertan txosnak martxan dauden bitartean: martitzenean kenduko dituzte txosnak eta, zorua garbitu ostean, orduan zabalduko dute aparkalekua. Enbolatuak izango diren egunetan (hilaren 24an eta 25ean), zezen plazaren inguruan 07.00etarako aparkatzea debekatuta egongo da. Umeen danborradan irtengo den karroza lagatzeko, berriz, hilaren 24an 17.00etatik aurrera ez da aparkatzerik izango Barakaldo kaleko zati batean.
Horrez gain, zapatuan Toribio Etxebarria kalea trafikoarentzat itxita egongo da. Herriaren erdialdeko kaleen (Untzaga, Calbetón, Eibarko Bizikleta Plaza, Zuloagatarren eta Julian Etxeberria kaleko 2. zenbakitik 6. zenbakira bitarteko zatia) peatonalizazioa gaur 20.00etan hasi eta hilaren 26ko 03.00ak arte egongo da indarrean. Beraz, gaur iluntzerako aipatutako kaleetan dauden automobilak kendu beharko direla gogorarazten diete gidariei.
Eta zapatu gauerdian Daborradaren Alardea egingo da Untzaga Plazatik Urkizu Pasealekuraino eta Untzaga Plazara itzulita eta umeen danborrada, berriz, hilaren 24an 19.00etan Urkizutik irtengo da, Untzagaraino joateko. Danborrada biek kalejira egiten duten bitartean, ibilgailuak ezin izango dira pasatu.
Betiko moduan, udaltzainek ibilgailuak herri barruan ez erabiltzea eta, horren ordez saihesbidetik joatea gomendatzen diete gidariei.
Autobus zerbitzuetan ere
EuskoTrenen esku dauden autobus zerbitzuetan aldaketak izango dira egunotan (barixakuan 20.00etan hasi eta martitzeneko 03.00ak bitartean). Autobusek urtean zehar asteburuetan egin ohi duten ibilbideari jarraituko diote: Mallabia-Ondarroa lineakoak saihesbidetik joango dira eta geldialdia Untzaga plazan, taxien parean egingo dute; gauza bera gertatuko da Eibar-Soraluze linean, baina aldaketak bakarrik asteleheneko zerbitzuei eragingo die; Ondarroa-Mallabia eta Soraluze-Eibar ibilbideetan ez da aldaketarik izango. Bestalde, barixaku eta martitzena bitartean ez da Udalbus zerbitzurik eskainiko (zerbitzua astelehenean goizean goiz berrezarriko dute). Informazio gehiagorako 902 543 210 telefonora deitu edo www.euskotren.es helbidera jo daiteke.