Sanjuanetako egitaraua aurkeztu dute gaur

Sanjuanetako egitaraua aurkeztu dute gaur
2017/06/08 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute Sanjuanetako egitaraua Miguel de los Toyos alkateak, Patxi Lejardi Kultura-Euskara zinegotziak eta Jose Luis Gonzalez Kultura teknikariak. “Programak azken urteetako ildo beretik jarraitzen du”, alkatearen berbetan, eta “jai giroan pasa nahi duen jendez herria betetzea da asmoa”. Aurten, 100 urte betetzen dituen Norica, 50 urte betetzen dituen Armaginen Elkartea, Gimnasia Erritmikoko taldea eta Juanita Unzueta izango dira omenduak.

33 kolektibok hartuko dute parte Sanjuanetako egitarauan eta dagoeneko 25 koadrilek eman dute izena ekintzetan parte hartzeko. Jaiek 215.000 euro inguruko aurrekontua izango dute eta ehundik gora ekintza antolatu dira, “nahiz eta zifra zertxobait moldatu daitekeen azken orduko aldaketekin”, adierazi du Gonzalezek.

Bi berritasun azpimarratu dituzte antolatzaileek. Batetik, ‘Marruko’ kainoia berriz erabiliko dela baimen guztiak lortu ostean. “Karga murriztu diogu eta eginkizuna berdin betetzen du”, Lejardiren esanetan. Bestetik, bederatzi urteren ostean Txistularien Alardea egingo da berriz.

 

Gatiburen kontzertua 17an

Asteburuan ospatuko dira aurten Sanjuanak, baina astebete lehenago ere egongo da jai giroa herrian. Hilaren 17an, 23:00etan, Gatibuk kontzertua eskainiko du Untzagan, aurtengo kontzertu nagusia izango dena.

Beste emanaldi musikalen artean Tokyo Brass Style (23an, 19:00etan, Untzagan), Lisker (23an, 23:00etatik aurrera, Untzagan), Jamaica Show (24an, 00:15etatik aurrera, Untzagan), Jainaga eta Narbaizaren erromeria (24an, 22:00etan, Untzagan), Imperial Elegancia Mexicana mariatxia (25ean, 19:00etan, Untzagan), eta Eibarko Cielito Musika Bandak, Aiko Taldeak eta Kezkak antolatutako BANDtzaldia (25ean, 19:30etan, Untzagan) egongo dira.

 

Antzerkia, suzko erroberak eta gehiago

Umeek ere jaiak gozatzeko zortzi kaleko-antzerki, umeentzako hiru parke, eta erraldoi eta buruhandien bi kalejira antolatu dira. Gainera, Txaltxa Zelaiko epaitegiko parkean kokatuko dira txikienentzako barrakak, “iaz Urkizun ez zutelako ondo funtzionatu”, alkateak azaldu duenez.

Iaz bezala, Pirotecnia Valeceak suzko erroberak eskainiko ditu 25ean eta, 24an, Caballer Fx Pirotecniakek botako ditu.

Marmitako lehiaketa da Sanjuanetako beste ekintza klasiko bat eta Lejardik adierazi duenez, “izen-ematea zabalik dago oraindik Pegora eta Udaleko webgunearen bitartez”.

 

AKEBAI protagonista

Euskararen Plan Estrategikoa garatzeko sortu da ‘Eibarren AKEBAI’ plataforma eta, eibartarron parte-hartzea bultzatzeko asmoz, Guinness Errekorra gainditzeko erronka luzatu du hilaren 22an. “Sanjuanetako ekintza garrantzitsuenetakoa izango da, nahiz eta bizitza propioa izango duen”, De los Toyosen berbetan. 1.500 pertsona baino gehiago apuntatu dira dagoeneko eta, alkatearen ustez, ekimen honek jaiei hasiera ezin hobea eman ahal diote “daukan oihartzunarengatik”.