Txistorraren inguruko jaia egun osoan Untzagan Txirrindulari Elkartearen eskutik

Txistorraren inguruko jaia egun osoan Untzagan Txirrindulari Elkartearen eskutik
2015/11/28 eta kitto!
Eibarko Txirrindulari Elkartekoek hamairugarrenez antolatu duten Txistorraren Eguna zapatuan ospatuko da Untzagan. Kilometro bateko luzeera duen txistorra pintxotan prestatu eta salgai ipiniko dute Untzagako karpan. Jendea jaira batzeko deialdia 11:30ak aldera egiteko asmoa daukate eta, besteak beste, baserri eta landa munduari omenaldia egingo diete txotxerako bidean egingo duten kalejira txalaparta, alboka eta adarraren soinuekin lagunduta.
Txotxa, berriz, 12:00etan egingo dute Suministros Industriales Goritz-ekoek eta Ander Romarate igerilariak eta hortik aurrera gaueraino luzatuko den jaia hasiko da. Pintxoak eta edariak saltzeaz gain, egun osoan zehar kirol erakustaldiak, musika, jokoak eta bestelako jarduerak egingo dira txistorraren inguruko jaia girotzeko eta Valentziaga Oroitzarreko VI. Argazki Lehiaketako irabazleei sariak ere zapatuko jaialdian banatuko dizkiete, 12:30ean. Bazkaltzera joateko ordua ailegatu arte (15:00ak arte) egongo da jaiarekin bat egiteko aukera. Eta atsedenaldia amaituta, 18:30ean ekingo diote berriz ere pintxoak eta edariak saltzeari eta, jaia agurtzeko, egunean zehar saldutako errifen zozketa egingo dute 21:30ak aldera, denera 5.000 euroko balioa duten sariak banatzeko.