Wenzeslao Orbeako jaiak ospatuko dituzte zapatuan

Wenzeslao Orbeako jaiak ospatuko dituzte zapatuan
2015/10/02 eta kitto!

Bihar (zapatua, hilak 3) ospatuko dituzte San Wenzeslaoren omenezko jaiak Wenzeslao Orbea kalekoek, goizetik hasiko den programari jarraituta: 10.30etan trikitilarien erritmora hasiko dute eguna eta, jarraian, 11.00ak aldera auzoko artistek egindakoekin erakusketa zabalduko dute. Ordu erdi geroago ume eta helduendako jokoak hasiko dira: sokatira, kaskara-batzea, zaku-lasterketak… Eguerdi parterako txorizo pintxo-potea prestatu dute eta 13.15etan III. Patata-tortila Txapelketa nork irabazi duen emango dute aditzera: parte-hartzaileek etxean egindako tortilak epaimahaikoei aurkeztu beharko dizkiete eta irabazleak Chalcha jatetxean lagun birendako bazkaria jasoko du. Bigarren geratzen denari, berriz, Abontza estetikan erabiltzeko 100 euroko bonoa emango diote. Eta horrez gain, parte hartzen duten guztien artean zozketa egin eta saridunak auzoko artista batek egindako koadroa etxera eramango du. Herri-bazkaria 14.30ak aldera hasiko da eta Duo Amanecer taldekoek girotuko dute bazkalostea. Eta arratsaldean, txokolate-jana eta pintxo-potea egin eta gero, 20.00etan hasi eta gauerdiraino DJ Arnok eskainiko duen musikiarekin dantzan egiteko aukera egongo da.