Jose Cruz Gurrutxaga, aktorea: “Aktore bezala izan dudan esperientziarik gogorrena izan da”

Jose Cruz Gurrutxaga, aktorea: “Aktore bezala izan dudan esperientziarik gogorrena izan da”
2017/02/09 18:08
eta kitto!
Jose Cruz Gurrutxaga aktore azkoitiarra “Umorea” izeneko bakarrizketarekin datorkigu hilaren 14an. Goenkale, Hospital Central, Mi Querido Klikowsky edota El Comisario bezalako telesailetan ikusi izan dugu Gurrutxaga, besteak beste, eta antzerkian ere hainbat errepresentazio egin izan ditu. Hala ere, euskal-bakarrizketen eskariak bultzatuta, urtebete inguru darama Gurrutxagak umorea taula gainera eramaten. ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako ikuskizuna 19:00etan hasiko da, Portaleko areto nagusian.

- Aktore lanetan ikusi izan zaitugu antzerkian eta telebistan… Nola erabaki zenuen bakarrizketak egitea?

Azken finean beste aukera bat da eta bi arrazoi nagusi daude tartean. Alde batetik, formatu txikia izanik salmenta errazagoa da eta edozein espaziotan sartzeko aukera dago. Eta bestetik, jendeari umore ukitua duen hori erakargarria egiten zaio eta gauza oso garrantzitsu batez ohartu ginen. Stand-up comedy delakoa, edo “El Club de la Comedia-ren” estiloko monologoak oso modan daude eta demanda handia dute. Horrela konturatu ginen euskarazko bakarrizketa gutxi zegoela. Jendeak Ttipia-Kultura Elkartera bakarrizketa eske deitzen zuenean, ea euskaraz zerbait bazegoen galdetzen zuen eta horrela sortu zen ideia. Erronka bat izan zen guretzat horrelako formatuko ikuskizun bat egitea, baina zegoen demanda aitzakiatzat hartuta, animatu egin ginen.

- Zer kontatzen duzu ikuskizunean?

Beno lehenik eta behin gidoiri buruz esan beharrekoa dut ez dudala neuk bakarrik egin. Ttipia Elkartekoek Pedro Llamas umoristarekin harreman zuzena izanda, berarekin egin nuen lan eta  berak idatzitako testuak moldatu ditut, neure egin ditut zenbait kontu aldatuta, hemengo gauzak sartuz eta baita nire “txorradak” gehituz ere. Berari proposamena asko gustatu zitzaion eta aurrera egin nuen. Orokorrean eguneroko bizitzan gertatzen zaizkigun gauzak aipatzen ditut, bikote kontuak, haur eta gurasoen arteko tira-birak,… edozein sentitu daiteke identifikatuta eta lanaren helburua ongi pasatzea eta barre egitea da.

- Nolako esperientzia izan da zuretzat ?

Aktore bezala izan dudan esperientziarik gogorrena izan da zalantzarik gabe. Bat-batean bakarrik zaude publikoaren aurrean. Mikrofono batekin eta ia ordubetean hitz egin behar duzu. Ez duzu antzerkiak ematen dizun babesik eta kezka sortzen zaizu ez dakizulako publikoarekin “feeling” hori lortuko ote duzun. Hala ere, orain arte publikoaren harrera oso ona izan da eta gustura ibili naiz.

https://youtu.be/i6NWY7_coVo