Josu Mendicute izango da 2019ko Udal Hauteskundeetarako EAJ-PNVren alkategaia

Josu Mendicute izango da 2019ko Udal Hauteskundeetarako EAJ-PNVren alkategaia
2018/02/19 eta kitto!
Eibarko Uri Buru Batzarrak gaur ezagutzera eman duenez, herriko jeltzaleen batzarrak hala aukeratuta, Josu Mendicute Rodriguez izango da 2019ko ekainaren 9an egingo diren Udal Hauteskundeetarako EAJ-PNVren alkategaia. Josu Mendicute Rodriguez (Eibar, 1987) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua daeta hauteskundeak egiten direnerako 32 urte izango ditu. 2015. urteaz geroztik alderdi jeltzalearen bozeramailea da Eibarko Udalean eta, horrez gain, Iñigo Urkulluk 2013an Lehendakari kargua hartu zuenetik legebiltzarrean aholkularia da.

Oraindik ikasten zegoela hasi zen beharrean, gauza biak aldi berean eginda. Hautagaiaren aurkezpena egin duen Eduardo Zubiaurrek esan duenez, “Mendicute hainbat komunikabidetan jardundakoa da eta herriko elkarte askotan ibili da parte hartzen: Eibarko Musika Bandan, Ustekabe fanfarrean, Auzokoak elkartean, Errebal plataforman, …eta kitto! Euskara Elkartean eta Eibar.org elkartean, besteak beste. Udalean, berriz, Kultura, Euskara, Obrak, Hirigintza eta Ingurumen batzordeetan eta Musika Eskolaren patronatoan lanean jardun du, 2015az geroztik udalean jeltzaleen bozerailea izateaz gain”.

josu mendicute

Zubiaurre Uri Buru Batzarreko presidenteak azpimarratu duenez, “gertutasuna, ilusioak bultzatutako energia eta eibartar peto-petoa” lirateke hautagaiak dauzkan kualitaterik nabarmenenak. Hori dela eta, “Eibarrek etorkizuna eraikitzeko behar duen lidertza ordezkatzen duen alkategaia” dela uste dute. Horrez gain, 2015-2019 bitarteko legegintzaldian Mendicuteri esker lortu diren hainbat gogora ekarri ditu Zubiaurrek: “Jardiñetako igogailua, NAN-a egiteko bulegoa edo Enplegurako Plana modukoek nekez egingo lukete aurrera Josuk eman dien bultzada barik. Eibarrentzat eskaini dezakegun hautagairik onena da”.

Hautagaitza ezagutzera eman ondorengo lehen hitzordua martxoaren 1ean izango du Mendicutek, egun horretan egingo den Hirigintza Foroan bere asmo nagusienetako batzuk aurreratzeko moduan izango da-eta. Mendicuterekin batera beste bi eibartarrek jardungo dute saioan: Ana Oregi, Ingurumen eta Lurralde Politika sailburu ohiak eta Ignacio Alcalde, Metropoli Fundazioko Presidenteordeak.

josu mendicute alkategai 2